Politika -
Bilera Madrilen
Frantzian atxilotutakoek lehergailuak egiteko materiala omen zuten
Rodolfo Aresek atxilotuen inguruan egin dituen adierazpenen harira, Fernandez Diazek onartu du "informazio iturri ezberdinak" dituztela, eta ondorioz, "xehetasun desberdinak" egon daitezkeela.
Erredakzioa
Oroitz Gurrutxaga ETAko ustezko buru militarrak eta Xabier Aranburu haren ustezko laguntzaileak lehergailuak egiteko materiala zuten atxilotu zituztenean, besteak beste, merkurio anpuluak.
Horixe berretsi du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak Manuel Valls Frantziako homologoarekin batera eman duen prentsaurrekoan.
Lapurtutako ibilgailua miatu ostean, matrikula faltsuak ere atzeman zituztela gaineratu dute.
Informazio hau guztia ez dutela "nazioarteko egiaztatzaileek" eman adierazi du Espainiako Barne ministroak, "Gobernuak behar duen egiazko egiaztatzaileek baizik, hau da, Poliziak".
Materialaz gain, Frantziako zazpi matrikula, espainiar, frantziar eta italiar herritarren dokumentazio faltsua eta bi ordenagailu atzeman dizkiete.
"Ez da normala herritar normalak armekin eta dokumentazio faltsuarekin joatea", zehaztu du Fernandez Diazek.
Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren adierazpenengatik galdetuta, izan ere, atxilotuen inguruan, "ez dago ziurtatzerik kide berriak erakartzeko lanean ari zirela" esan du Rodolfo Aresek, Fernandez Diazek onartu du "informazio iturri ezberdinak" izan ditzaketela, eta ondorioz, "xehetasun desberdinak" egon daitezkeela.
Frantziak ez du espetxe politika aldatuko
Bestetik, Manuel Valls Frantziako Barne ministroak berretsi du ez dutela ETAren aurkako politika aldatuko betiko desagertzen ez den eta armak ematen ez dituen arte. Ildo honetan, Frantziaren jarrera Espainiarena dela adierazi du Vallsek.
Bestetik, ETAko kideei Frantzian ezartzen zaien espetxe politikan ez duela aldaketarik egingo berretsi du.