Politika -

Lege aldaketa

'ETArengatik erbesteratuek' bozkatu ahal izatea sustatuko du Gobernuak

Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoa aldatu nahi du alderdi Popularrak datozen erkidegoko hauteskundeetarako. PPren arabera, 45.000 eta 60.000 lagun inguru egongo lirateke egoera horretan.

Jorge Fernandez Díaz eta Rodolfo Ares. EITB
Jorge Fernandez Díaz eta Rodolfo Ares. EITB
ETArengatik erbesteratu direnak bozkatzea sustatuko dutela dio Fernandez Diazek

00:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskundeen legea moldatu nahi du Gobernuak ETAren mehatxuagatik Euskaditik joan zirenek EAEko hauteskundeetan bozkatu ahal izateko.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak berretsi du albistea Bilbon aste honetan egin den Oroimena eta Bizikidetzaren Biltzarrean.

Fernandez Diazen arabera, proposamena Antonio Basagotik aurkeztu zuen eta Gobernua jada "aztertzen ari da". Gainera, datorren ekainaren 7an jardunaldi "oso garrantzitsuak" egingo dituztela ziurtatu du, "hauteskundeen legea aldatzea ahalbidetzeko".

"Zentzuzkoa da Iberoamerikan bizi diren milaka herritarrek hemengo hauteskundeetan bozkatzen badute, Euskaditik joan eta Espainiako beste hiritan bizi direnek gauza bera egin ahal izatea", adierazi du.

Alderdi Popularraren arabera, 45.000 eta 60.000 lagun inguru egongo lirateke egoera horretan. Lehengo urtean, dagoeneko, Legebiltzarrera eraman zuten proposamena, baina alderdi guztiek baztertu zuten.

Popularren asmoa datorren hauteskundeetarako lege aldaketa prest egotea da, nahiz eta, sozialisten eta popularren arteko akordioa hautsi ostean, alderdi politiko guztiek EAEko hauteskundeak aurreratuko ote diren izan duten hizpide azken egunetan.

Ikerketa Batzordea

Bestetik, ETAren biktima batek egindako eskaera bat helaraziko die Diputatuen Kongresuak alderdi guztiei, ETArengatik Euskaditik at joan direnen inguruan Ikerketa Batzorde bat sortzeko asmoz.

Batzorde honek izango lituzkeen lanen artean, "jarraituak izan direnen edo erbesteratu direnen mina kontabilizatzea" eta "Indarkeriagatik bota dituztenen Konponketarako Plana" aipatu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea