Politika -
Valls frantziarrak esanda
Frantziako Gobernu berriak ETAren kontrako borrokan jarraituko du
Bestalde, ezker abertzaleak oharra atera du "egoera politiko" berrian, eta "gatazka" konpontzeko, "Espainiako eta Frantziako Gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketa" behar dela esateko.
Erredakzioa
ETAren aurkako borrokan Espainiarekin elkarlanean jarrituko dutela bermatu du Manuel Valls Frantziako Barne ministro berriak. Vallsek bilera laburra izan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin G6-koek Munichen, Alemanian, egiten ari diren bileraren atsedenaldian.
Espainiako Barne Ministerioaren arabera, bi ministroek lagunarteko solasaldia izan dute, gaztelaniaz, Alemania, Frantzia, Italia, Polonia eta Erresuma Batuko Barne ministroen bileraren atarian.
Solasaldi horretan, atzerrira egingo duen lehen bidaietako bat Espainiara egiteko asmoa duela esan dio ministro frantziarrak Jorge Fernandez Diaz espainiarrari. Bidaia horretan ETAko egoeraz hitz egitea da. ETAk ekintza armatuen behin betiko etena iragarri zuen iragan urriaren 20an.
Ezker abertzaleaBestalde, ezker abertzaleak oharra atera du "egoera politiko" berrian, eta "gatazka" konpontzeko, "Espainiako eta Frantziako Gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketa" behar dela esateko. Ohar horretan, Maribi Ugarteburu bozeramaileak "immobilismoak sufrimendua luzatzen duela" egotzi dio.
Prentsa oharrean, ezker abertzaleak 'Goazen plazara' ekimenarekin bat egin du. Ekimena asteburuan egingo dute "euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko".
"Euskal Herriko garai politiko berriak euskal preso politiko guztien eskubideak betetzea eta bermatzea eskatzen du. Eta gaia sakonduz, garaiak Espainia eta Frantziako gobernuen eta ETAren arteko elkarrizketa ere eskatzen du gatazkaren ondorioei konponbidea emateko", esan du.