Politika -
Eta-ren agiria
Espainiako Gobernuak uko egin dio ETArekin hitz egiteari
"Armak entregatzeko ez dago elkarrizketaren beharrik", azpimarratu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak.
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ez du onartu ETAren "elkarrizketa zuzenerako" gonbidapena eta Gobernuak ETArekin ez duela negoziatu, ez dela negoziatzen ari eta ez duela negoziatuko azpimarratu du. Gainera, baldintzarik gabe desegiteko eta armak entregatzeko eskatu dio ETAri.
Amaiurrek Kongresuan presoen inguruan egindako galdera bati erantzuten ari zenean egin dio erreferentzia ETAren agiriari. ETAk Espainiako eta Frantziako gobernuekin "elkarrizketa zuzena" abiatzeko ordezkaritza bat izendatu duela iragarri du AFP albiste-agentziara igorritako agiri batean.
"Armak entregatzeko ez dago elkarrizketaren beharrik", azpimarratu du Barne ministroak. Era berean, ETAk ez dituela Gobernuaren pausoak baldintzatuko adierazi du.
Bestalde, Fernandez Diazek berretsi du Gobernuak ez duela nazioarteko egiaztatzailerik behar ETA desegin dela edo armak utzi dituela egiaztatzeko, izan ere, Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin nahikoa omen da.
Fernandez Diazek azpimarratu du ETArengandik espero duen "komunikatu bakarra" baldintzarik gabe desegiten dela iragartzen duena dela.