Politika -
Aste osoan zehar
Oroimena eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra, Bilbon
Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekimen honetan terrorismoaren biktimek hartuko dute parte. Biltzar honek bakea eta elkarbizitza sendotzea izango ditu helburu.
Erredakzioa
Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra hasi da astelehen honetan Bilbon. Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekimen honetan Euskadiko terrorismoaren eta beste gatazketako biktimek hartuko dute parte. Biltzar honek bakea eta elkarbizitza sendotzea izango ditu helburu.
Saioak igandera arte luzatuko dira. Egun horretan Jorge Fernandez Barne ministroa izango da itxiera ekitaldian. Foro honetan indarkeriaren eta askatasun gabeziaren ondorioei buruz eztabaidatuko dute, "Euskadin etorkizuna eraikitzeko, baina iragana ahaztu gabe", antolatzaileek azaldu dutenez.
Patxi Lopez lehendakaria, Cecilia Malmstron Europar Batzordeko Barne komisarioa, Jesus Loza Bizikidetzarako Eusko Jaurlaritzako ordezkaria eta Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoaren zuzendaria izan dira irekiera-ekitaldian.
Gaurtik (astelehena) igandea arte Oroimena eta Bizikidetzari buruzko Biltzarra zuzenean jarraitu daiteke eitb.com-en.
Lehen saioa
Irekiera ekitaldiaren ostean, biktimen testigantzak izango dira entzungai. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren esanetan, "funtsezkoak" dira bizikidetza eraikitzeko. Arratsaldean, Isabel Allende Txileko senatariak eta Shlomo Ben Ami Israelgo Atzerri Gaietarako ministro ohiak euren herrialdeetan izandako eskarmentuak azalduko dituzte.
Gainontzeko partehartzaileak
Datozen egunei begira, Adriana Faranda Brigada Gorrien kide ohiaren eta talde terrorista horren biktima baten partehartzea nabarmendu dezakegu.
Halaber, Jose Pedro Perez Llorca Espainiako Konstituzioaren "aita" izango da bertan. Gainera, Alemania naziaren, Sobietar Batasunaren eta Yugoslaviaren gatazketan adituak diren hainbat hizlarik parte hartuko dute.
Haiekin batera, komunikabideen arduradunak, kazetariak, talde bakezaleen ordezkariak eta bakean eta memoria historikoan adituak diren unibertsitateetako ordezkariak izango dira. Gainera, kulturak ere txoko bat izango du, Luisa Echenique eta Luis Aramburu idazleek eta Elias Querejeta zinemagileek parte hartuko dutelako.
Biktimen elkarteaz gain, Eusko Jaurlaritzak alderdi politikoei ere luzatu die gonbidapena.
Carmen Gisasolaren ika-mika
Eusko Jaurlaritza Carmen Gisasola ETAko kide ohia forora ekartzeko izapideak egiten hasi zen baina gonbidapen horrek ika-mika handia piztu zuen. Gisasola ETAtik aldendu da eta Langraizeko espetxean dago. Hala ere, Barne Ministerioak ez dio Gisasolari forora joateko baimena eman.