Politika -
Legegintzaldiaren azken txanpa
Jaurlaritzak egiteke dituen lanak
Hauteskundeak aurreratuko diren ala ez zehaztu gabe, Legebiltzarra legegintzaldiaren azken txanpan sartu da bideratzeke dauden hamaika legerekin.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak amaitutzat jo du PSE-EErekin duen Gobernuko akordioa legegintzaldiaren hiru urteetan Gobernu sozialistaren sostengua izan ostean, eta Patxi Lopez lehendakariari hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio.
Hauteskundeak aurreratuko diren ala ez zehaztu gabe, une honetan Legebiltzarra azken txanpan sartu da, baina oraindik hamaika lege daude bideratzeke. Horietako batzuk, baina, uda baino lehen onartuko dituzte.
Gasteizko Ganberak lan handia du aurretik hamabost lege proiekturekin eta sei lege-proposamenekin. Gainera, zintzilik dauden beste ekimen batzuk gehitu behar zaizkie, besteak beste, Gurtza lekuei buruzko Legea edo Terrorismoaren Biktimen Legearen erreforma, ETAren presioagatik "erbesteratu" behar izan dutenak onartzeko.
Hainbat proiektu izapideen azken fasean daude, eta uda baino lehen onartzea aurreikusten da. Horien artean, Nekazaritza eta Elikadura Politikako Legea (datorren astean eztabaida eta bozketarako prest geldituko da) eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren Legea.
Legebiltzarreko taldeek Aurrezki Kutxen Legeari azken bultzada ematea akordatu zuten orain bi aste, eta horrela, hil honetan proiektuaren irizpidea onartuta geldituko da.
Bestetik, beste lege batzuk batzorde txostengile fasean daude oraindik eta alderdien nahiaren baitan uda aurretik onar daitezke. Klima aldaketaren Legea, Segurtasun Publikoko Legearen eta Poliziaren Lege Berriaren erreforma eta Dopinaren aurkako Legea.
Beste hainbat lege batzorde txostengile fasean sartzeko zerrendan daude, ordea. Horien artean, Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legea, Paisaiaren Legea, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko Agentziaren Legea eta genero-identitatearen ondoriozko diskriminazio ezaren eta transexualen eskubideen onarpenaren Legea.
Azkenik, zuzenketa aldian dauden beste ekimen batzuk daude; Udal Legea, Gazteen Legea eta Larrialdi egoerei aurre egiteko Legea. Hiru proiektu hauen izapideak atzeratu egin dira, batzuk urte eta erdi, arbitraje-batzordeak atzera bota dituelako.
Baina legeez gain, bake eta elkarbizitzaren lantaldea aipatu behar da, izan ere, oraintxe jarri da martxan eta dena du egiteke.
Gasteizko Ganbaratik at, Jaurlaritzak Mariano Rajoyren murrizketei egin behar die aurre.