Politika -
Elkarrizketa ETB-n
Mendiarentzat aberasgarria da Gisasolak Biltzarrean parte hartzea
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu duenez, "elkarbizitza agertoki desberdinak eta ideia desberdinak erakustea" da Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarraren helburua.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak baieztatu du Carmen Gisasola ETAko kide ohia dagoeneko gonbidatu dutela Oroimenari eta Bizikidetzari buruzko Biltzarrean parte hartzera, eta ez dutela gonbidapen hori kendu. Hala ere, argi adierazi du presoak biltzarrean parte hartu ahal izateko "kartzela zaintzako epaileek" eman behar dutela oniritzia. Era berean, "horrelako gaietan batez ere, polemikak alde batera uztea" eskatu du.
Mendiak ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du "polemika sortzeko inolako asmorik" Bilbon egingo duen Kongresuarekin, "elkarbizitza agertoki desberdinak eta ideia desberdinak erakustea" omen da Biltzarraren helburua.
"Hori dela eta, erakunde terroristan ardura handia izan eta iragana gaitzesteko ibilbidea egin duen pertsona bat gonbidatzea pentsatu genuen. Denen lekukotzak entzuteko asmotik etorri zen gonbidapena", gaineratu du Mendiak.
Polemikaren "errudunak nortzuk diren" jakiteak ez duela garrantzirik azpimarratu du Mendiak, eta helburua Biltzarra "arrakastatsua" izatea eta "ideiak eta iritziak trukatzea" izan behar duela. "Polemikak alde batera utzi behar ditugu, gai hauetan batez ere", berretsi du.
Barne ministroak Herrizaingo sailburuarekin hitz egin ote duen galdetuta, Mendiak erantzun du "dagoeneko egin ez badute, datozen orduetan" egingo dutela.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordea
Bestalde, Idoia Mendiak jakinarazi du Patxi Lopez lehendakaria eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua izango direla Jaurlaritza Nazioarteko Egiaztatzeko Batzordeko kideekin bilduko den ala ez erabakiko dutenak. Datozen orduetan azalduko omen duten haien asmoa.
Mendiak uste du talde hori "lan positiboa" egiten ari dela eta horregatik "errespetua" zor zaiela eta "kortesiagatik, ez litzateke harritzekoa izango haiekin harremanetan jartzea".
Hala eta guztiz ere, egiaztatze "ofiziala Estatuko Segurtasun Indarretatik aparte" ezin dela egin azpimarratu du.