Politika -
Bake-prozesua
Egiaztatzaileen Taldea Euskadin da, bake-prozesuari bultzada emateko
Prozesua geldi dagoela ematen duen une honetan, ETAren indarkeriaren behin-betiko amaiera egiaztatzeko taldea indar politikoekin, enpresariekin eta eragile sozialekin bilduko da aste honetan.
Erredakzioa
Nazioarteko Egiaztatzaileen Taldea Euskadin da eta aste honetan indar politikoekin, enpresariekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin bilerak egingo ditu, bake-prozesuari bultzada eman eta indarkeriaren amaiera sendotzeko bidean.
Joan den astean zehaztu zituzten bilerak egiteko egunak eta orduak. Aurreko bilera-sorta bezala, oraingoan ere Alderdi Popularrak uko egin dio egiaztatzaileekin elkartzeari.
Batzar hauen helburua bake-prozesuari bultzada ematea izango da, azkenaldian dena geldi dagoela ematen duen testuinguruan gaudela dirudien honetan.
Ram Manikkalingamek zuzentzen duen Harremanetarako Nazioarteko Taldea, berriz, joan den urtarrilean izan zen Euskadin, indar politikoekin, eragile sozialekin eta instituzio ezberdinekin biltzeko.
Egiaztatzaileen Taldeak joan den urtarrilean jakinarazi zuen, agiri baten bidez, ETAk indarkeria utzi zuela eta agindutakoa betetzen ari dela, alegia, atentatuak, mehatxuak eta estortsioa amaitu direla.
Horrenbestez, lehendabiziko bilera-sorta hartan Egiaztatzaileen Taldeak euskal alderdi, sindikatu eta eragile sozialei ETArekin elkarrizketa zuzenak izan dituela eta erakunde armatuak etorkizunean atentaturik egiteko edo antolatzeko inolako asmorik ez zuela ondorioztatu zutela jakinarazi zien.
Gauzak horrela, bake-prozesua geldi dagoela diruen testuinguruan bueltatuko da Egiaztatzaileen Taldea Euskadira. Espero bezala, EAEko Alderdi Popularra ez da haiekin bilduko, ezta Eusko Jaurlaritza ere. Alabaina, Jaurlaritzarekin harreman informalak badituztela zehaztu behar da.