Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Javier Elzoren iritziz, presoek ez dute zertan barkamena eskatu

Ezker abertzaleak, aldiz, "publikoki" barkamena eskatu beharko lukeela adierazi du soziologoak eta "aspaldi” eskatu behar zuela erantsi du.

Javier Elzo, soziologoa. EITB
Javier Elzo, soziologoa. EITB
Javier Elzo, soziologoa. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Elzo soziologoak eta Deustuko Unibertsitateko irakasle emerituak adierazi duenez, ETAko presoek ez dute zertan barkamena eskatu, eta gainera, kasu horretan "legeak behartuta" egiteko arriskua egongo litzatekeela azaldu du. Elzok, aldiz, ezker abertzaleak "publikoki" barkamena eskatu beharko lukeela azpimarratu du eta "aspaldi” eskatu behar zuela erantsi du.

Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean soziologoak ETAren indarkeriaren behin betiko amaieraren ostean Euskadi "duela urtebete baino hobeto" dagoela azaldu du, "arazo larriak" dauden arren. "Nik balantze negatiboa baino positiboagoa egiten dut", esan du.

Aldeko datuen artean ezker abertzaleak "adierazpen batzuetan, indarkeriatik urrundu" behar izan duela azpimarratu du eta "egindako mina aitortu" behar izan duela erantsi du. Hala ere, "bat-batean giza eskubideen defendatzaile sutsu" gisa agertzeak "haserrearazi" egiten duela azaldu du Elzok.

Javier Elzo soziologoaren ustez, halaber, Euskadin ezin da ETAren 35 urteetako indarkeriaren inguruan kontaketa bakarra egon. "Pertsonak adina kontaketa egongo dira, hasteko, bakarkako kontaketa edo memoriak, baina gero politika afinitatearen araberako kontakizun kolektiboak egongo dira", esan du.

Elzoren aburuz, "beharrezkoa" izango da herritarrek "besteen kontakizunak" entzuten ikastea: "Besteen kontakizunak, eta ez bakarrik gurea, entzuteko ahalmena behar dugu".

Bizikidetzari dagokionez, soziologoak adierazi du gobernu batek ez duela egin behar "fakzioen artean", baizik eta "bakean elkarbizitzea baino urrunago doan oinarri bat" bilatu behar duela. "Eta bizikidetzak diskurtso ezberdinak entzutea exijitzen du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea