Politika -

Baketzea eta normalizazioa

Sei hilabete, ETAk indarkeriaren behin-betiko amaiera iragarri zuela

ETAk erabaki historikoaren berri eman eta sei hilabetera, espetxe-politika, Sorturen balizko legalizazioa eta Arnaldo Otegiren egoera dira testuinguru politikoaren ardatz nagusiak.

ETAk bideo bidez jakinarazi zuen bere jarduera armatua betirako amaitzeko hartutako erabakia. EITB
ETAk bideo bidez jakinarazi zuen bere jarduera armatua betirako amaitzeko hartutako erabakia. EITB
ETAk bideo bidez jakinarazi zuen bere jarduera armatua betirako amaitzeko hartutako erabakia. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk jarduera armatua utzi zuenetik sei hilabete dira gaur. Epe horretan, erakunde terroristak bere hitza bete du, eta Espainiako Gobernuak ez du ez ETArekin ez ezker abertzalearekin elkarrizketa prozesurik ireki.

Iragan urteko urriaren 20an, ETAk jarduera armatua utzi egin zuela iragarri zuen. Erakunde terroristak atentatuak egiteari eta estortsioari utzi dio, nahiz eta kale indarkeriaren kasu isolatuak egon diren (edukiontziak eta kutxazainak erre dituzte).

PPren Gobernuak tinko eutsi dio eta, haien ordezkarien arabera, ez du ETArekin harremanik izan. Rajoyren Exekutiboak behin eta berriz esan du ez duela aurrerapausorik emango ETAk desegin egin dela iragarri arte.

Horrez gain, EAEko PPk ere ez du ezker abertzalearekin bilerarik egin, indarkeria gaitzetsi ez duela argudiatuta.

Espetxe-politika

Bitartean, ezker abertzaleak ETAren 700 presoengan jarri ditu indar guztiak. Presoentzat irtenbide bateratua exijitu du behin eta berriz ezker abertzaleak eta salbuespen neurriak bertan behera uzteko eskatu dio Gobernuari, kartzelan dauden pertsonen "oinarrizko eskubideak urratzen dituztelako".

Besteak beste, 'Parot doktrina' bertan behera uztea, gaixotasun larriak dituzten presoak aske geratzea eta sakabanaketa amaitzeko exijitu du ezker abertzaleak.

100.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten urtarrilean, Etxeratek deituta, ETAko presoen eskubideen aldeko manifestazioan, Bilbon.

Hala ere, Mariano Rajoyren Gobernuak ez du espetxe politikan aldaketarik onartu. 'Nanclares bidea' isilean onartutako neurria izan da bakarra, eta ETAko 20 presok bat egiten dute horrekin: biktimei barkamena eskatu eta egindakoaz damutu behar dira, baina gainerako presoek ez dute neurri hori onartu.

Apirilean, presoen kolektiboak Espainiako eta Frantziako Gobernuei "elkarrizketarako" deia egin zien, ETAko presoen egoerari buruz "zuzenean" hitz egin ahal izateko.

Hainbat biktima elkartek, tartean AVTk, behin baino gehiagotan azpimarratu dute ez dutela presoen egoera hobetzeko neurririk onartuko.

Presoen inguruan aplikatu beharreko politika izan da alderdi politikoen arteko liskarren arrazoi nagusia: EAJk eta PSEk argi eta garbi esan diote ETAri ezinezkoa izango dela amnistia ezartzea. Hala ere, alderdi biak espetxe politika malgutzearen alde agertu dira.

Auzitegiak

Auzitegietatik ere mugimendu gutxi etorri dira: Auzitegi Konstituzionalak 'Parot doktrinaren' alde egin du.

Hala ere, garrantzi handiko bi erabaki hartu behar dituzte epaileek oraindik: Arnaldo Otegiri ezarritako zigorra aztertu behar du Auzitegi Gorenak (aske uztea edo hamar urtez kartzelan uztea eztabaidatzen ari dira epaileak); eta Sortu ezker abertzalearen alderdiari buruz ere azken erabakia eman beharko du Auzitegi Konstituzionalak (Gorenak legez kanpo utzi zuen).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea