Politika -
Polemika
Erregeak barkamena eskatu beharko luke, lehendakariaren esanetan
Patxi Lopezek uste du "egokia" litzatekeela Erregeak barkamena eskatzea Botswanara elefanteak ehizatzera egin duen bidaiagatik, Espainia krisi larri bat jasaten ari den bitartean.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak uste du "egokia" litzatekeela Erregeak barkamena eskatzea Botswanara elefanteak ehizatzera egin duen bidaiagatik, Espainia krisi larria jasaten ari den bitartean.
Serirrati katean egin dioten elkarrizketa batean, Patxi Lopezek esan du Erregeak "denok bezala, bizitza pribatua izateko eskubidea" duela.
Hala ere, "egungo egoeran, gizarteak ez ditu gauza batzuk ulertzen; horietako bat, hauxe", zehaztu du Patxi Lopezek. Horregatik, "ez legoke gaizki barkamena eskatzea", gaineratu du.
Hauteskundeak
Lehendakariak esan du "gustatuko" litzaiokeela EAJren lehendakarigaia Urkullu izatea, "aurrez aurre" eztabaidatu ahal izateko. Gainera, EAJ "norgehiagokaren arora" bueltatzen ari dela uste du eta Arnaldo Otegik espetxean jarraitzeak "ezker abertzaleari boto gehiago" ematen dizkiola.
"Asko gustatuko litzaidake lehendakarigaia Iñigo Urkullu izatea, aurrez aurre berarekin eztabaidatu ahal izateko, izan ere, Legebiltzarrean ez dagoenez, batzuetan blogaren bitartez hitz egiten dugu", esan du Ser irrati katean egin duen elkarrizketan.
Ildo honetan, "herrialdeak behar duena eztabaidatzea gustatuko litzaidake", adierazi du. EAJren estrategiaren inguruan, "aspalditik esan du helburua 2015 urterako estatus politiko berri bat ezartzea dela edo Euskal Herriaren independentzia, Ebrotik Aturriraino", gaineratu du.
Era honetan, Euskadi "denen artean eraiki behar" dela uste du, "gehitzea lortuko duten formulekin, ez zatitzea".
Arnaldo Otegi espetxean egoteak "zoritxarrez, ezker abertzaleari botoak gehitzen dizkio", adierazi du.