Politika -
Kartzela-politika
Lozak preso gaixoen inguruko proposamena aurkeztuko du Ministerioan
"Hurrengo egunetan aurkeztu nahi dugun proposamena lantzen ari gara, eta euskal alderdien adostasuna ere lortu nahi dugu. Zenbait zirriborro dauzkagu eta laster aurkeztuko dugu", esan du.
Erredakzioa
Barne Ministerioan gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoen inguruko proposamena aurkeztuko duela iragarri du Jesus Loza Euskadiko Elkarbizitza eta Memoriaren ordezkariak. Proposamena "euskal alderdi politikoekin adostu" nahi duela ere gaineratu du.
Ser irratian egindako adierazpenetan, Jose Angel Biguri Camino eta Gotzone Lopez Luzuriaga gaixotasun larriak dituzten ETAko presoen balizko askatzearen inguruan ere aritu da; "araudiak eskatutako baldintzak betez gero, zigorra kartzelatik kanpo bete beharko lukete", esan du.
Patxi Lopez lehendakariak gaixotasun larriak eta sendaezinak bereizteko beharraren alde egindako adierazpenei dagokienez, Lozak ere horren alde egin du, "larria eta sendaezina zer den" doitu behar dela esanda.
Euskal alderdien babesa
"Araudiak gaixotasun larriak eta sendaezinak aipatzen ditu eta horrek zer esan nahi duen ondo zehaztu behar da, ahalik eta interpretazio gutxien egoteko. Proposamen batean lanean ari gara eta asmoa Barne Ministerioan ahalik eta lasterren aurkeztea da, baina euskal alderdiekin adostuta. Zenbait zirriborro dauzkagu eta laster aurkeztuko dugu", azaldu du Lozak.