Politika -

Presoak

Herrirak begi onez jo du Sarkozy presoak hurbiltzearen alde egotea

Bestalde, herritarren mugimenduak iragarri du anbulantzia bat Bizkaian zehar ibiliko dela Txus Martin basauritarraren askatasuna aldarrikatzeko eta 24 orduko kontzentrazioa egingo dutela hilaren 24an.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herrira euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko herritarren mugimenduak begi onez jo du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak "sakabanaketa politikaren aldaketa" eskatzea eta PPren Gobernuari "euskal gizartearen gehiengoaren eskariarekin bat egiteko eta kartzela-politika aldatzeko" exijitu diote.

Roberto Noval Herrirako kideak adierazpen horiexek egin ditu Sarkozyk Baionara (Lapurdi) egin zuen bisitan esandakoen harira.

Novalentzat, "ona da Sarkozyk sakabanaketa politikaren aldaketa eskatzea", izan ere, "euskal gizarteak azken hilabeteotan eskatu duenarekin bat dator". Hori dela eta, kartzela-politika "irtenbidera bidean jartzea eta errepresio izaera kentzea" aldarrikatu dute.

Novalek prentsaurrekoa eman du Jon Egiluz Basauriko Herriraren ordezkariarekin batera eta "gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak baldintzarik eta xantaiarik gabe" libre uztea eskatu dute. Txus Martin preso basauritarraren kasua aipatu dute, izan ere, "10 urte daramatza preso" Frantzian hasieran eta Espainiako Estatuan gero, "jasanezina den egoera batean".

Salatu dutenez, Marinek "gaitz eskizoafektiboa" du, baina ez dizkiote beharrezko frogak egiten "gaixotasunaren diagnosi zuzena egiteko eta tratamendu egokia emateko".

Gainera, herritarren mugimenduak iragarri du anbulantzia bat Bizkaian zehar ibiliko dela Txus Martin basauritarraren askatasuna aldarrikatzeko eta 24 orduko kontzentrazioa egingo dutela hilaren 24an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea