Politika -
Polizia operazioa
ETAko bi ustezko kide 'legal' atxilotu dituzte Andoainen eta Tolosan
Atzemandakoak Juan Ignacio Otaño eta Iñaki Igerategi dira. Informazio talde bat osatu zutela uste dute.
Erredakzioa
Guardia Zibilak ETAko bi ustezko kide 'legal' (fitxatu gabekoak) atxilotu ditu gaur goizaldean Gipuzkoan, Andoainen eta Tolosan, Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Aipatu iturrien arabera, atxilotutakoak Juan Ignacio Otaño Labaca (51 urtekoa) eta Iñaki Igerategi Lizarribar (42 urtekoa) dira. Biak Andoainen bizi dira, baina Igerategi Tolosako suhiltzaile-parkean atzeman dute, bertan egiten baitu lan.
Hain zuzen ere, gutxienez 2008 urtea arte Francisco Javier Lopez Peña 'Thierry' eta Ainhoa Ozaeta Mendikute ETAko buru ohien aginduetara egon izana egozten diete.
Barne Ministerioaren esanetan, ETA barruan zer funtzio zuten ikertzen ari dira orain, baina terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek uste dute informazio talde bat osatzen zutela.
Operazioa Frantziako Poliziak Thierryri atzemandako txostenei esker abiatu ahal izan dute.
Txostenak Espainiako agintariei igorri dizkiete duela gutxi. Oraingoz daukaten informazioaren arabera, badirudi ez dutela parte-hartze zuzena izan atentatuetan.
Guardia Zibilak atzemandakoen etxebizitzak miatu ditu Andoainen. Operazioa Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegiak agindu du.
Operazio honekin, 12 dira dagoeneko ETArekin lotuta atzemandakoak iazko urriaren 20an erakunde terroristak indarkeriaren amaiera iragarri zuenetik.