Politika -
Biktimak
Lasak dio Estatuak ere barkamena eskatu behar diela bere biktimei
Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako zuzendariak 'Nanclares bidea' babestu du ETAko presoak gizarteratzeko, eta ez du neurri kolektiborik nahi.
Erredakzioa
Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako zuzendariak adierazi du Zuzenbidezko Estatuak "barkamena" eskatu behar diela "Estatuaren legez kanpoko indarkeriaren biktimei".
Hika aldizkarian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, 'Nanclares bidea' da egokiena ETAko presoak gizarteratzeko, izan ere, neurri kolektiboak hartzea "gure senideen hilobian GORA ETA MILITARRA dioen epitafioa jartzea izango litzateke".
Lasak uste du botere publikoek "zorra" dutela "ordaina jaso ez duten Estatuaren biktimekin". "Terrorismoari zilegitasuna kentzeko helburuak indarra hartzen du botere publikoek biktimen aurrean zorrotz jokatzen badute. Iraganaren berrikuspen kritikoak ez dio indarkeriari zilegitasuna kentzen soilik, Zuzenbidezko Estatuaren jarduna legitimatzen du", gaineratu du.
Horren harira, Biktimen Arretarako bulegoaren zuzendariak iragarri du Eusko Jaurlaritzaren Justizia Saila neurriak prestatzen ari dela biktimen kaltea konpontzeko, eta "aurki" albisteak egongo omen dira horren inguruan.
Presoak
ETAko presoei dagokienez, Lasak uste du "neurri kolektiboa" behar dutela "porrota ezkutatzeko eta historiaren aurrean galtzaile gisa ez agertzeko".
Hala eta guztiz ere, Lasak argi adierazi du 'Nanclares bidea' dela "aukera bakarra". "Bide hori zintzoa da eta, gainera, ETAk suposatu duena moralki ixteko eredura garamatza", Lasak azaldu duenez.
Amnistia edo antzeko neurriak, berriz, "gure senideen hilobian GORA ETA MILITARRA dioen epitafioa jartzea izango litzateke".