Politika -
Bilera Moncloan
Rajoy eta Rubalcaba Moncloan batzartuko dira aurrenekoz
Lan-erreformaz, finantza-sistemaren berregituratzeaz eta Herritarren Defendatzaileaz mintzatuko dira Madrilen egingo duten lehenengo bilera horretan.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea eta Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari orokorra Moncloan batzartuko dira asteazken honetan, besteak beste, ostiralean Rajoyren Gobernuak onartutako lan-erreformari buruz hitz egiteko. Erreforma "aurrez aurre" arbuiatu egiten dutela esango dio Rubalcabak Rajoyri.
Horrez gain, finantza-sistemaren erreformaz ere mintzatuko dira. Erreforma horretan PSOEk aldeko botoa emango du, Rubalcabaren hitzetan, Jose Luis Rodríguez Zapaterok hasitako erreformaren "jarraipena" delako.
Espainiako Gobernuaren iturrien arabera, gai ekonomikoekin batera, beste gai batzuk ere jorratuko dituzte asteazken honetako bileran: Auzitegi Gorenaren berriztatzea, Herritarren Defendatzailea edota RTVEko Kontseilua, besteak beste.
Zenbait organu "popularrek" gobernatzen dutenean soilik berriztatzen direla uste du Rubalcabak, eta hori ez duela onartuko esan zuen bere aurreneko agerraldian idazkari orokor izendatu zutenetik.