Politika -

'Gürtel auzia'

Garzon 11 urterako kargugabetzea erabaki du Gorenak

"Edozein modutara lortutako Justizia ez da benetako Justizia", dio epaiak. Horrez gain, Garzonek "gaur egun erregimen totalitarioetan egiten diren jarduerak" egin izana aitortu zuen.

Baltasar Garzón epailea. Argazkia: EFE.
Baltasar Garzón epailea. Argazkia: EFE.
Garzonen aurkako epaia: Erreakzioak eta naziortean izandako oihartzuna

00:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak Baltasar Garzon epailea 11 urterako kargugabetzea erabaki du gaur, Gürtel auziko entzuketak agintzeagatik, auzitegietatik jakinarazi dutenez.

Garzonek berak Auzitegi Gorenaren egoitzan jaso du epaileen erabakia. 14:00etan, behin epaia ezagutu duenean, eraikinetik irten da eta ez du adierazpenik egin.

Joaquin Gimenez epailea da auzitegi horretako burua, eta epaiaren txostengilea Miguel Colmenero izan da. Colmenerorekin batera, Andrés Martínez Arrieta, Francisco Monterde, Juan Manuel Berdugo, Manuel Marchena eta Luciano Varela epaileek hartu dute azken erabakia.

Gürtel auziko entzuketena Auzitegi Nazionaleko epailearen aurkako lehenengo auzia izan da. Atzo, Garzonen aurkako bigarren epaiketa bukatu zen (frankismoan izandako delituak ikertzeagatik auzipetu dute).

Epaiketan (urtarrilaren 17ik 19ra egin zuten), epaileak bere burua "erruduntzat" jo zuen. Entzuketen inguruko erabaki guztiak bere gain hartzen zituela esan zuen Garzonek.

2010eko maiatzetik Auzitegi Nazionalean aritzeko inhabilitatuta dago Garzon, eta Gürtel auziko inputatuei eta haien abokatuei kartzelan ustez legez kanpoko entzuketak egiteagatik inputatu zuten.

Bere jardueraren alde egiteko, Garzonek esan zuen defentsa eskubidea urratu baino gehiago eskubide hori defendatu zuela. ''Hausnarketa egin ondoren eta legeak zorroztasunez betez hartu ziren erabakiak'', esan zuen Garzonek.

Epaiaren gakoak

Gorenaren arabera, Francisco Correa Gürtel sareko arduradun nagusiak eta Pablo Crespo bere bigarrenak Soto del Realeko kartzelan abokatuekin izandako elkarrizketak grabatzea agintzean, bidegabe jokatu zuen Garzonek, eta inputatuen defentsarako eskubidea urratu zuen "horretarako baliozko arrazoirik izan gabe".

"Edozein modutan lortutako Justizia ez da benetako Justizia", dio epaiak. Horrez gain, Garzonek "gaur egun erregimen totalitarioetan egiten diren jarduerak" egin izana aitortu zuen, "horrelako erregimenetan denak balio baitu Estatuari interesatzen zaion informazioa lortzeko".

Aurrekoa ez da Gorenak Garzoni egiten dion gaitzespen bakarra. Epaiaren 68 orrietan Garzonek egindakoak oinarrizko eskubideak urratzen dituela nabarmentzen du, "ikerketa kriminal batek ez baitu edozein ekintza justifikatzen" eta "egia ezin daitekeelako edozein modutan lortu".

Garzon, "lur jota"

Francisco Baena Bocanegra Baltasar Garzonen abokatuak esan duenez, bere bezeroa "lur jota" dago jasotako zigorragatik eta Auzitegi Konstituzionalean edota Giza Eskubideen Europako Auzitegian errekurtsoa aurkeztu ala ez aztertuko du.

Cadizetik telefonoz egindako adierazpenetan, Baenak esan du Garzonek berak deitu diola prebarikazioagatik errudun jo dutela eta hamaika urteko zigorra jarri diotela esateko. Ondorioz, epaitegietako ibilbidea amaitutzat ematen du eta "lur jota" dago.

Gobernuak erabakia errespetatzen du

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak adierazi duenez, Gobernuak "erabat errespetatzen du" Gorenak hartutako erabakia. Gauzak horrela, nabarmendu duen gauza bakarra erakundeek normaltasunez funtzionatzen dutela eta zuzenbide-estatua bete egiten dela izan da.

"Gobernuak, kasu honetan eta bestelakoetan ere, ez du inoiz balorazio politikorik egingo", esan du Galladonek Jose Luis Rodríguez Zapatero presidente ohiak eta Estatuko beste sei aholkulari berrik kargua hartzeko ekitaldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea