Politika -
Bilera Moncloan
ETAko presoak hurbiltzea eskatu dio lehendakariak Mariano Rajoyri
Batasuna legeztatzeko eskaera ere egin dio Patxi Lopezek, Madrilen egin duten bileran. Batzar horren ondoren, Gobernuak argitu du ez duela espetxe politika aldatu.
Erredakzioa
ETAko presoak Euskadiko kartzeletara hurreratzea eta birgizarteratze politika indibiduala martxan jartzea eskatu dio Patxi Lopez lehendakariak Mariano Rajoy presidenteari, ostiral honetan Madrilgo Moncloa jauregian egin duten bileran. Era berean, Batasunaren legeztatzearen beharra ere agertu dio lehendakariak Gobernuko presidenteari.Lehendakariarentzat Rajoyren jarrera 'harbera' izan den arren, bilera bukatu ondoren Gobernuak argitu du ez duela bere espetxe politika aldatu. Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu duela iragarri ondoren ireki den aro berri honetan ''oinarrizkoan'' daude ados Eusko Jaurlaritzarekin, baina ez dute bere espetxe politika aldatu. Patxi Lopezek eta Mariano Rajoyk bat egin dute ETAren desagerpena dela helburua, iturri horien arabera.
Ordubeteko bilera egin dute bi buruzagiek, eta, ondoren, lehendakariak komunikabideen aurrean agerraldia egin du, bertan landu dituzten gaiei buruz hitz egiteko. Presidenteak ETAren indarkeriaren bukaeraren kudeaketa Estatu mailako gai bezala landuko duela uste du lehendakariak.
Gaixotasun larriak eta atzeraezinak dituzten presoei neurri bateko askatasuna emateko eskaera ere luzatu dio Patxi Lopezek Rajoyri, betiere modu indibidualean, presiorik gabe eta mediku txostenak oinarri hartuta. Espainiako Konstituzioak birgizarteratzera zuzendutako espetxe politika jasotzen duela azpimarratu du lehendakariak, eta, beraz, ''erabat sinetsita'' dago ''lehenago edo beranduago'' legalitate horren barruan dagoen espetxe politika ezarriko duela Gobernuak, espetxe politika malguago baten beharrik gabe. ''Ez dira amnistiak edo talde neurriak, baizik eta konpromiso demokratiko baten alde egin duenaren birgizarteratze indibiduala'', gaineratu du.Era berean, Batasunaren legeztatzeaz ere hitz egin dio Gobernuko presidenteari, eta legalki aitortutako alderdi politikorik izan gabe ezker abertzalea instituzioetan egotearen ''paradoxa'' aipatu dio. Egoerak ''biktimazioa'' sortzen laguntzen duela ere azaldu dio.Rajoy presidente izendatu zutenetik, bi agintarien arteko lehen bilera ofiziala izan da hau.
Asteartean, Espainiako Gobernuko eta Jaurlaritzako Segurtasun arduradun nagusiek batzarra egin zuten Leioako (Bizkaia) Artatza jauregian. Besteak beste, Jorge Fernandez Barne ministroa eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua izan ziren.
Hurrengo asteartean, hilak 31, Rajoyk Iñigo Urkullu EAJko presidentea hartuko du Moncloan.