Politika -
Nazioarteko batzordea
ETAk ez du atentaturik egiteko asmorik, egiaztatzaileen ustez
Halaber, armak uneoro eskuragarri izateak "egoera arriskutsuak" sor ditzakeela ohartarazi diete ETAko kideei.
Erredakzioa
ETAk etorkizunean ''terrorismo eta biolentzia ekintzarik antolatu edo egiteko asmorik'' ez duela adierazi du bere jardueraren etena egiaztatzeko helburua duen nazioarteko taldeak. Era berean, egiaztatu egin dute su-etenaren adierazpena eta jarduera armatuaren amaieraren iragarpena ''prozesu atzeraezin'' baten parte direla.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordea osatzen duten sei kideek “kontaktu zuzena” izan dute ETArekin, eta iazko su etenarekin eta biolentziarekin bukatzeko prozesuarekin “konprometituta” dagoela ziurtatu die erakunde terroristak.
Azken egunotan, gainera, euskal gizartearen hainbat agente politikorekin bildu da egiaztazte taldea, tartean PSE-EE, EAJ, eta ezker abertzaleko alderdietako ordezkariekin, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuekin, enpresa munduko elkarteekin (Confebask), elizako ordezkariekin eta Euskadiko hainbat agintarirekin.
2011ko urtarrilaren 8an ETAK su etena iragarri, eta urte bereko urriaren 20an biolentzia behin betiko utziko zuela ezagutarazi zuenetik, hilketak, atentatuak, erasoak, mehatxuak eta estortsioak bukatu direla egiaztatu du batzordeak.Dena den, ETAk “dokumentuak faltsifikatu eta armategiak mantentzen dituen ezkutuko erakunde armatua izaten” jarraitzen duela gogorarazi dute. Behatzaileen iritziz, nahiz eta horrelako ekintzak ilegalak izan, “ez dute zertan indarkeriazko ekintzen antolaketekin erlazionatuta egon behar”.
Zentzu horretan, lehergaiak eta armak uneoro eskuragarri izateak “benetazko egoera arriskutsuak” sor ditzakeela ohartarazi dio Egiaztatze Batzordeak ETAri berari.Beste alde batetik, “kale borrokarekin erlazionatutako ekintzek ETAren su etenarekin erlaziorik ez dutela” azpimarratu dute egiaztatzaileek. Presoen alde egiten diren diru-eskaerak ere izan dituzte kontuan.“Euskal Herrian bake iraunkor bat lortzeko zabaldu den prozesu historikoan, determinazio eta inpartzialtasunarekin lanean” jarraituko dutela argitu dute behatzaileek.