Politika -

Auzitegi Gorena

Garzonen defentsak auzia baliogabetzea eskatu du

Auzitegi Gorenak hasiera eman dio diktadura garaiko krimenak ikertzen saiatzeagatik Garzonen aurka abiatutako epaiketari.

El juez Garzón, durante el juicio.
El juez Garzón, durante el juicio.
Garzonen abokatuak epaiketa bertan behera uzteko eskatu du

02:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Baltasar Garzonen abokatuak, Gonzalo Martinez-Fresnedak, Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka gaur abiatutako epaiketa bertan behera uzteko eskatu dio Auzitegi Gorenari, legaltasuna urratu dela eta herri akusazioak ez duela zilegitasuna argudiatuta.

Hain zuzen ere, Frankismo garaiko krimenenen auziaren epaiketa abiatu dute gaur. Horretan, prebarikazioa egotzi diote, aipatu krimenak ikertzeko eskuduntzak bereganatzeagatik.

Aldez aurretiazko kontuen txandan, defentsak esan du auziaren instrukzioan "irregulartasunak" izan zirela, eta ondorioak "suntsitzaileak" izan direla Garzonentzat, gaitasungabetu egin baitute Auzitegi Nazionalean.

Halaber, Manos Limpias herri akusazioak ez duela zilegitasunik argudiatu du, eta horren ildotik, 'Botin doktrina' aipatu du. Gorenaren doktrina horren arabera, ezin da epaiketarik egin herri akusazioa baino ez badago, hots, akusazio partikularrik eta Fiskaltzaren akusaziorik ez badago, kasu honetan gertatzen den bezala.

Instrukzioari dagokionez, abokatuak kritikatu du Luciano Varela epailearen kudeaketak "urratu" egin zituela prozeduraren oinarrizko arauak, "aldeetako baten alde" egin zuela eta, beraz, "inpartzialtasuna" galdu zuela.

Martinez-Fresnedak gogorarazi du Varelak "beste aukera" bat eman ziela herri aukusazioei, akusazio txostenetan akatsak atzeman zituenean, eta horiek nola konpondu ere iradoki ziela.

Auzia baliogabetu ezean, defentsak eskatu du proposatutako lekuko guztiak (tartean Garzonen argudioak defendatzen dituzten jurista espainiarrak eta atzerritarrak) onartzea.

Bere aldetik, Manos Limpiasen abokatuak errefusatu egin ditu defentsak egindako eskaera guztiak, eta herri akusazioaren zilegitasuna defendatu du interes orokorrak kaltetzen direnean.

Garzonen babesak

Auzitegiaren kanpoaldean, ehunka pertsonak, tartean Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak, elkarretaratzea egin dute epaileari babesa agertzeko. Besteak beste, justiziaren eta memoria historikoaren aldeko aldarriak oihukatu dituzte.

Halaber, Garzonen aldekoek "faxistak eta terroristak" deitu diete Manos Limpiaseko ordezkariei, hots, herri akusazioa den muturreko eskuineko sindikatua.

Poliziak identifikatu egin ditu protestariak, eta haiek agenteen plaka zenbakiak hartu dituzte.

Auzitegi Nazionaletik, hainbat lankide gerturatu dira Gorenera, Garzon babesteko. Besteak beste, Fernando Andreu eta Santiago Pedraz epaileak eta Dolores Delgado fiskala izan dira.

Amnistia Internazionalak eta Human Rights Watchek ordezkariak izango dituzte epaiketan, "begirale" moduan. Izan ere, Gorenaren erabakiak eragina izan lezake jurisdikzio unibertsaleko delituen beste hainbat prozesutan.

Fiskalak ez du akusaziorik aurkeztu

Joan den astean, Gorenak Gürtel auziko espetxeratuei legez kanpoko entzuketak egitea egotzita auzipetu zuen.

Gaurko kasuan, herri akusazioak (Manos Limpias muturreko eskuineko sindikatua eta Libertad e Identidad elkartea) 20 urtez gaitasungabetzea eskatuko dute. Garzonen aurkako auzi guztietan bezala, Fiskaltzak ez du akusaziorik aurkeztu, eta absolbitzea nahi du.

Gaurko saioan aldez aurretiazko kontuak eztabaidatuko dituzte. Garzonek hilaren 31n deklaratuko du, eta ondoren epaiketak otsailaren 1ean, 2an, 6an, 7an, 8an eta 9an jarraituko du.

Garzonen defentsak 'Botin doktrina' oinarri hartuko du absoluzioa eskatzeko. Gorenaren doktrina horren arabera, ezin da epaiketarik egin herri akusazioa baino ez badago, hots, akusazio partikularrik eta Fiskaltzaren akusaziorik ez badago, kasu honetan gertatzen den bezala.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea