Politika -

Garzonen kontrako epaiketa

'Bitarteko oro zilegi ez dela ebazteko' eskatu dio Pelaezek Gorenari

Kereila aurkeztu duen abokatuak azaldu duenez, abokatuek "askatasun osoa" izan beharko lukete kartzelan bezeroekin hitz egiteko, nahiz eta "nazkagarriak" izan bezeroak.

Igancio Pelaez abokatua. Argazkia: Efe
Igancio Pelaez abokatua.
Igancio Pelaez abokatua. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igancio Pelaez abokatuak "helburua lortzeko edozer ez dela zilegi" ebazteko eskatu dio epaileari Baltasar Garzon epailearen kontrako epaiketan. Pelaez izan zen Gürtelen entzuketengatik kereila jarri zuena eta argi adierazi nahi izan du ez duela ebazpen "eredugarririk" edo "errepresiborik" bilatzen, baizik eta muga batzuk ezartzea, izan ere, abokatuek "askatasun osoa" izan beharko lukete kartzelan bezeroekin hitz egiteko, nahiz eta "nazkagarriak" izan bezeroak, Pelaezen arabera.

Abokatuak ondorioak aurkeztu ditu gaur Garzonen kontrako epaiketaren azken saioan.

Pelaez Jose Luis Ulibarri 'Gürtel auzia'n inputatutakoaren defentsa abokatua da eta argi adierazi nahi izan du kereila jarri zuenean bere telefono deiak entzun zituztelako egin zuela. "Kereila ez du nire bezeroak jartzen, ez du Alderdi Popularrak jartzen. Abokatu honek ez du PPko inor defendatzen", gaineratu du.

Ez da "gustukoa" izan

Auzitegiko zazpi epaileen aurrean azaldu duenez, ez da "erraza" eta "gustukoa" izan Garzonen kontra kereila aurkeztea, bera ezagutzeko "plazerra" izan zuelako Auzitegi Nazionaleko fiskal izan zen garaian.

"Bakar bakarrik nengoen, inork ez ninduen babestu prozesu judizial honetan", azpimarratu du Pelaezek, Madrilgo abokatuen elkarteak eta Espainiakoak orokorrean, babesik ez ziotela agertu salatu aurretik.

Pelaezen esanetan, "Auzitegi Gorenaren babesa eskatzen dut intimitate eskubidea urratu dutelako", eta ez ditut agintari "ustelak" babestu nahi, ezta legez kanpoko entzuketetan bildutako informazioa ezkutatu ere.

Hori dela eta, Pelaezek ez du nahi Garzonen kontrako ebazpen bat soilik, alor horretan "oinarrizko mugak" ezartzea baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea