Politika -
'New York' auzia
Gorenak ez du Botin ikertuko Garzonen ordainketen auzian
Auzitegiak preskribatutzat eman du ustezko delitua.
Erredakzioa
Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Aretoak ez du Emilio Botin Santander bankuko presidentea ikertuko, Baltasar Garzon epaileari 2005ean eta 2006an New Yorkeko unibertsitatetan ikastaro batzuetan parte hartzeagatik egindako ordainketen auzian.
Izan ere, urtarrilaren 4an publikatutako auto batean, Gorenak "preskribatu"tzat eman du funtzionario-eroskeria ustezko delitua. Horrenbestez, artxibatu egin du Javier Sotos abokatuak Botinen aurka aurkeztutako kereila.
Abokatuak azaroaren 18an aurkeztu zuen kereila Auzitegi Gorenean, Garzonek gauzatutako ustezko delituan Botinek "parte-hartze aktiboa" izan zuela argudiatuta.
Zigor Arloko Aretoak 2010eko urtarrilaren 28an abiatu zuen Garzonen aurkako auzia. Hain zuzen ere, ikastaro batzuk egiteko xedez, Santander bankuak 302.000 dolar eman zizkion argitu nahi dute.
Fiskaltzak ez du deliturik sumatu eta, beraz, ez du akusaziorik aurkeztu.