Politika -
Noos auzia
Epaileak Matas eta beste hamar lagun inputatu ditu Urdangarin auzian
Epaileak gainera beste 47 lekuko deitu ditu, besteak beste, Gonzalez Pons "popularra", Francisco Roig Valentzia taldeko presidente ohia eta Vila-Realeko presidentea.
Erredakzioa
Jose Castro Palma Arena auziko epaileak Jaume Matas Balearretako presidente ohia inputatu du, baita beste hamar lagun ere Noos auziagatik, Iñaki Urdangarin Palmako dukea ikertzen ari den auzia.
Epaileak Mario Sorribas ere inputatu du, Urdangarinen eta Infanta Cristinaren arteko Aizoon enpresako ahalduna, baita Joan Flaquer, Balearretako Turismo saileko kontseilari ohia ere.
Auzitegira apirila eta maiatza bitartean joan beharko duten lekukoen artean, Gonzalez Pons "popularra" dago, baita Francisco Roig Valentzia taldeko presidente ohia, Vila-Real taldeko presidentea eta Jose Miguel Echavarri Illes Balears txirrindulari taldeko zuzendari ohia ere.
Palma Arena auzitik bananduta dago kasu hau. Iñaki Urdangarin ikertzen ari dira, azken hau presidente izan zen garaian, Noos Institutuan ustez izandako irregulartasunengatik.
Palmako dukeak otsailaren 25ean agertu beharko du epailearean aurrean. Auzi honetan, dagoeneko beste zortzi lagun inputatuta zeuden, beraz, denera 20 lagun dira jada.
Gai honengatik, epaileak maiatzaren 17rako deitu du Matas, izan ere, egunotan Palma auziagatik deklaratzen ari da eta "agertu ezean, atxiloketa agindua ezarriko zaiola" ohartarazi dio.
"Balearretako presidente eta Illesport Fundazioko presidente izan zen garaian, Noos institutuak egin zituen kontratazioen inguruan bere bertsioa emateko" deitu du epaileak Matas.
Inputatu berriei, "txostena igorri duten kontratazio publikoengatik" galdetuko zaie.