Politika -
Kartzela-politika
Gobernuak baztertu egin du indultu orokorrik ematea ETAko presoei
Hori azpimarratu du Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak. Presoen inguruan hartuko diren erabakiak banakakoak izango direla zehaztu du.
Erredakzioa
Alberto Ruiz-Gallardon Justizia Ministroak baztertu egin du indultu orokorrik ematea ETAko presoei eta haien inguruan hartuko dituzten erabakiak norbanakoei eragingo dietela zehaztu du.
Gallardon Gasteizen izan da Carlos Urquijo Gobernuaren EAEko ordezkariaren kargu-hartze ekitaldian.
Hitzaldian, Justizia ministroak esan du Espainiako Gobernuaren kartzela-politika "legezko printzipioan" oinarrituko dela eta horren arabera, presoen inguruan hartutako erabakiak norbanakoari eragingo dietela, hau da, ez da neurri kolektiborik izango.
Horren harira, Konstituzioak indultu orokorrak debekatzen dituela eta ondorioz "amnistia" bera debekatzen duela gogorarazi du.
Gallardonek azaldu duenez, ETAko presoekiko politika "barkamenean eta biktimen konponketa bilatzeko nahian" oinarrituko dutela.
Justizia ministroak gogorarazi du Urquijo Gobernuaren ordezkari izan zela 2004an ere, baina egoera "desberdinean", ETAren jarduerari erreferentzia eginez.
"Desberdina da Zuzenbidezko Estatuak eta euskal eta espainiar gizarteek krimenak galarazi dituztelako, espero dezagun betiko izatea", adierazi du.
Itxaropenaren aroa Poliziaren lanak argitu duela esan du Urquijok
Polizia ezberdinen lanak argitu du Euskadiko eta Espainiako "askatasun eta itxaropen aroa", esan du Gobernuaren ordezkari berriak EAEn, Carlos Urquijok.
Bere karguaren zin egitea egin du gaur Gasteizen, Justizia ministro berria, Alfredo Ruiz-Gallardon, egon den ekitaldian. Gainera, Legebiltzarreko presidentea, Arantza Quiroga, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentea, Juan Luis Ibarra, Barne eta Justizia sailburua, Rodolfo Ares eta Idoia Mendia, Arabako ahaldun nagusia, Javier de Andres eta Gasteizeko alkatea, Javier Maroto ere bertan izan dira.
Baita, Ertzaintzaren zuzendaria, Jose Antonio Varela, Poliziaren zuzendari nagusia EAEn, Enrique Pamiés eta zonako Guardia Zibilaren zuzendari orokorra, Miguel Castro ere.
Diskurtsoan, Gobernuko ordezkariak "uniformea daramatenei omenaldia" egin nahi izan die eta harrotasunez eramateko animatu die.
Indarkeriaren biktimak ere gogoratu ditu Urquijok eta bere lanean "euren memoria biziagarria" izango dela esan du.
Gainera, Mariano Rajoyri ere eskerrak eman dizkio bere izendapenagatik, baita EAEko PPko presidenteari ere, Antonio Basagoitiri.