Politika -

ETAko presoak

Manifestazio jendetsua Bilbon, ETAko presoen eskubideak aldarrikatzeko

Ez da istilurik izan eta iragarritako isiltasuna txaloek eta amnistiaren aldeko oihuek bakarrik hautsi dute. Bukaeran, antolatzaileek kartzela-politikan aldaketak egitea eskatu dute.

Hamarka mila pertsona bildu dira Bilboko kaleetan. Argazkia: Efe.
Manifestazio jendetsua Bilbon, ETAko presoen eskubideak aldarrikatzeko

01:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egin Dezagun Bidea taldeak Bilbon deitutako manifestazioak hamarka mila pertsona bildu ditu. Martxa 17:30ak jota hasi da, eta bertan ETAko presoen eskubideak aldarrikatu dituzte.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak ez dute bildutakoen kopuruaren berri eman, baina antolatzaileek esan dutenez, kanpotik 300 autobus etorri dira, 16.500 pertsonarentzako lekuarekin.

Manifestazioan ez da istilurik izan eta iragarritako isiltasuna txaloek eta amnistiaren aldeko ohiuek bakarrik hautsi dute. Pankartan bi lelo agertzen ziren: "Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira", euskaraz; eta frantsesez "Euskal presoak aberriratu".

Martxa hasteko 15 minutu falta zirela, tentsio uneak izan dira Ertzaintzako buruzagi batzuk manifestazioaren lehen lerrora hurbildu direnean pankartako leloak emandako baimenarekin bat zetozela baieztatzeko.

Ertzainek, gainera, Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak manifestazioa baimentzeko jarritako baldintzen berri eman diete antolatzaileei.

Aurpegi ezagunak

Manifestazioan alderdi politiko ezberdinetako ordezkari ezagunak bildu dira: Amaiurreko Xabier Mikel Errekondo Kongresuko diputatua, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Patxi Zabaleta Aralarreko liderra, eta Oskar Matute, Alternatibakoa.

Ezker abertzaleko eta Batasuneko kideak ere bertan izan dira; Rufi Etxeberria, Maribi Ugarteburu bozeramailea, Pernando Barrena eta Txelui Moreno, besteak beste. Joan Tarda ERCko Madrileko Kongresuko diputatua ere manifestazioan izan da.

Manifestazioa hasi aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, Xabier Mikel Errekondok eskaera bat egin dio Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari: "Gaurko manifestazioaren irudia aintzat hartu dezala eta euskal gatazka politikoa konpontzeko urratsak ematen hasi dadila".

Aldaketak kartzela-politikan

Manifestazioa 18:50ean amaitu da Bilboko udaletxearen aurrean. Bertan Jon Garaik eta Ines Osinaga Gose taldeko abeslariak adierazpen bat irakurri dute.

"Euskal gizarteak presoek jasaten dituzten salbuespen neurriak desagertzea" espero duela esan dute adierazpen horretan, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea