Politika -
Kontrol saioa
Poliziaren biktimak ez dituzte kontuan hartuko Memoriaren Zentroan
Lehendakariak azaldu duenez, zentroa Terrorismoaren Biktimen Legeak aurrez ikusitako biktimak baino ez ditu aintzat hartuko, hots, ETAkoak, GALenak eta beste talde terrorista batzuenak.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak iragarri du Espainiako hurrengo Gobernuarekin protokolo bat sinatzea espero duela terrorismoaren biktimen omenez Memoriaren Zentro bat sortzeko. Zentroa ETAko, GALeko eta beste talde terrorista batzuetako biktimei zuzenduko diete.
Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatza Memoriaren Zentroa sortzeko lanetan.
Lopezek Eusko Jaurlaritzarako kontrol saioan egin du iragarpena, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunda. Hain zuzen ere, zentroa Poliziaren biktimei ere zuzenduko dieten eta sorkuntzan biktimak "kontuan" hartuko dituzten galdetu dio. Gainera, proiektuaren inguruan informazio gutxi eman izana leporatu dio.
Hori horrela, Patxi Lopezek baieztatu du "kontuan" hartuko dituztela biktimak, eta "artifizialki zalantzak piztu nahi izatea" leporatu dio Maneirori. Halaber, zentroa "Terrorismoaren Biktimen Legeak aurrez ikusitako biktimei" zuzenduko dietela zehaztu du, hots, ETAko, GALeko eta beste talde batzuetako biktimei.
Lopezek nabarmendu du "baliabideak eta bitartekoak" bideratuko dituztela zentroa sortzeko, "memoria gordetzeko agindu etikoa" betetzea helburu.
Funtzionarioen murrizketak
Bestalde, lehendakariak baieztatu du funtzio publikoan proposatutako murrizketak "sakrifizioa" izango direla funtzionariontzat, baina beharrezkoak direla zerbitzu publikoen kalitateari eusteko eta Katalunian gizarte politiketan egindako murrizketa handiak galarazteko.
Mikel Arana EBko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunda, Lopezek esan du Jaurlaritzak ez duela Kataluniakoak bezala egingo, hots, "ebakuntza-gelak ixtea, errezetengatik kobratzea edo langileen kontratazioa etetea".
Horren aurrean, Jaurlaritzak "elkartasun esfortzua" egiteko eskatu duela esan du.
Zerga sistemaren erreforma
EAJk eta PSEk fiskalitateari buruz egindako galdera bati erantzunda, Lopezek esan du "premiazkoa" dela EAEko zerga sistema erreformatzea, eta "hazkundea zigortu gabe eta lurraldeen artean desorekak sortu gabe" egin behar dela.
Bere hitzetan, "esfortzu fiskalaren banaketa bidezkoagoa izan behar da".