Politika -
Udazkeneko txostena
Lokarrik Jaurlaritzak elkarbizitzarako elkarrizketa zuzentzea nahi du
Plataformako kideen iritziz, Sorturen legeztatzea nahitaezkoa da bakea atzeraezina izateko eta Rajoyri "positiboki jarduteko" eskatu diote.
Erredakzioa
Lokarrik, akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko herritarren sareak, Eusko Jaurlaritzak indar politiko guztiekin elkarrizketa prozesua zuzen dezala proposatu du elkarbizitzarekin zerikusia duten gaietan akordioak adosteko.
Hori da bake prozesuaren giza behatokiaren udazkeneko txostenaren gomendioetako bat. Txostena, hain zuzen, Donostian aurkeztu dute prentsaurreko batean, Manu Vilabrilla eta Aitziber Blanco Lokarriko ordezkariek.
Patxi Lopez lehendakariak bere "plana zehaztu behar du" eta "erakundeetatik elkarbizitzaren inguruan kontsentsua lortzeko ahaleginak batu". Halaber, adiskidetzea eta elkarbizitza lantzeko herritarrei bideak eskaini behar zaizkiela azaldu dute.
Donostiako Nazioarteko Bake Konferentziaren antolatzaile nagusia izan zen sareko kideen iritziz, bakea atzeraezina izan dadin bi baldintza bete behar dira: ETAren behin betiko indarkeariaren amaiera, joan den urriaren 20ean iragarri zena, eta Sorturen legeztatzea.
Hori dela eta, Lokarrik Rajoy presidente izango duen Espainiako hurrengo Gobernuari "Sorturen legeztatzea ez oztopatzeko positiboki jardun dezala" eskatu dio eta Auzitegi Konstituzionalari, berriz, "ahalik eta azkarren aldeko ebazpena" eman dezala eskatu dio.
Herritarrek egoera politikoaren inguruan duten iritzia
Txostenak, halaber, herritarrek Euskadin bizi den egoera politikoaren inguruan duten iritzia jasotzen du, horretarako 1.170 pertsonei egin diete galdeketa. Hala, bake prozesuaren egoerari 7,76ko nota eman diote herritarrek.
Nota hori 2009ko udan, esaterako, 2,8koa izan zen eta joan den udaberrian 7,09raino igo zen. Hala, udazken honetako txostenean jasotzen da kalifikaziorik onena, ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaieraren iragarpenaren ostean.
Galdekatutako herritarren artean % 80ek Espainiako Gobernuak ETArekin kontaktuak hasi behar dituela iritzi dio, % 2k, bestalde erakunde terroristak armak entregatzen ez dituen bitartean elkarrizketarik ezin dela izan uste du, eta % 1ek ETArekin hitz egiteko ezer ez dagoela pentsatzen du.