Politika -
Erreakzioak: Mariano Rajoy
'Miraririk gabeko' aldaketa bat agindu du Rajoyk
"Guztien presidentea izateko" konpromisoa hartu eta "Espainiaren eta espainiarren esanetara" gobernatuko duela ziurtatu du PPko buruzagiak.
Erredakzioa
"Guztien presidentea izateko" konpromisoa hartu eta "Espainiaren eta espainiarren esanetara" gobernatuko duela ziurtatu du gaur Mariano Rajoy PPko buruzagiak. "Miraririk gabeko" aldaketa bat lortzeko guztien laguntza eskatu du Rajoyk, "inor ez baztertzeko".
Presidentegaiaren aurreneko adierazpenak izan dira Alderdi Popularrak gehiengo absolutua lortu ostean. 186 eserleku eskuratu ditu PPk Kongresuan. Gobernua "azken 30 urteetako testuinguru zailenean" hartuko duela adierazi du Rajoyk."Ereduzko" botere aldaketa egiteko borondatea agertu du PPko buruzagiak. Bere aurreneko ekimena iragarri du Rajoyk: erkidego guztietako gobernuekin bilduko da krisi ekonomikoari aurre egiteko egitasmo bat adosteko.
"Egokitu zaiguna oso ondo dakit, azken 30 urteetan Espainian izan den testuingururik zailenean gobernatuko dugula ez da sekretua, baina guztia emateko konpromisoa hartzeaz gain, espainiar guztiekin batera ahalegina egingo dugu", azaldu du Rajoyk.
Batasuna
Hauteskunde-kanpainan egin bezala, krisitik ateratzeko herritarren batasuna ezinbestekoa dela esan du PPko buruzagiak.
Jaso duen "erantzukizun handia" azpimarratu du Rajoyk, Espainia "une erabakigarrian" dagoelako. "Datozen urteetako etorkizuna ez ezik, datozen hamarkadetakoa erabakiko duen bidegurutzean gaude", erantsi du.
Une hauetan "herrien eta gizonen indarra" azaltzen dela gaineratu du Rajoyk.