Politika -
A-20ko hauteskundeak
PPk gehiengo osoa lortu du eta PSOEk, hondoa jo
Mariano Rajoy izango da Gobernuko presidentea eta 186 ordezkari izango ditu Diputatuen Kongresuan. Sozialistek, aldiz, historiako porrot handiena jaso dute eta 110 diputatu izango dituzte.
Erredakzioa
PPk irabazi ditu Espainiako hauteskunde orokorrak eta, botoen % 99,72 zenbatuta, gehiengo osoa lortu du 186 diputaturekin; PSOEk, berriz, 110 diputatu lortu ditu.
Sozialisten porrota baieztatu egin da horrela, PSOEk inoiz lortu dituen emaitza txarrenak izan baititu, 1977an, lehenengo hauteskunde demokratikoetan, lortutako 118 diputatuen azpitik. PPren egoera kontrakoa da, inoizko emaitza onena lortu baitu, Aznarrek 2000 urtean lortu zituen 182 diputatuen gainetik.
PSOEk behera egin duen heinean, alderdi txikien ordezkaritzak gora egin du. CiU Kongresuko hirugarren alderdia izango da 16 diputaturekin.
Izquierda UnidaEzker abertzalea Madrilgo Diputatuen Kongresura itzuliko da Amaiur koalizioan, eta lortu dituen zazpi diputatuekin ziurtatuta du talde propioa.
UPyD helburu hori lortzetik gertu egon da bost eserlekurekin, milioi batetik gora boto lortuta, Kongresuko laugarren alderdia da boto kopuruan, baina ez du lortu botoen % 5era iristea eta ez du talde propiorik izango.
EAJk Amaiurren agerraldia pairatu du eta sei diputatutik bostera jaitsi da, nahiz eta duela lau urte baino boto gehiago eskuratu.
ERCk hiru diputaturekin jarraituko du eta BNGk zituen biei eutsiko die, Coalicion Canariaren antzera.
GeroaBaik (NaBairen oinordekoa baina Aralar gabe) ordezkaritza lortu du Kongresuan eta Uxue Barkos diputatuak bere lekuan jarraituko du.
Amaiurrez gain, beste alderdi berri batzuk ere sartu dira ganberan: Compromis-Equok diputatu bat lortu du Valentzian, eta FACek ere bai Asturiasen.
Partehartzea % 71,78koa izan da eta abstentzioa % 28,22koa.
Gehien osoa baita Senatuan ere
Botoen % 95,91 zenbatuta, PPk gehiengo osoa izango du baita Senatuan ere. Popularrek 135 ordezkari lortu dituzte, PSOEk 49, CiUk 9, PSC-ICV-EUAk zazpi, EAJk lau, Amaiurrek hiru eta CC-NC-PNCk bat.