Politika -
Adierazpena
EPPK: 'Salbuespen neurriak dituzten presoek askatasuna eskatuko dute'
Kolektiboak azaldu duenez, "gaixo" dauden presoen eskaerari erantzutea erabaki du, baita "baldintzapeko askatasunean daudenena eta betiko-kartzela zigorra deritzotena bete behar dutenena" ere.
Erredakzioa
Salbuespen neurriak dituzten presoek hurrengo egunetan askatasuna eskatuko dutela iragarri du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK).
Gara egunkarira bidalitako adierazpenean, kolektiboak azaldu egiten du "gaixo" dauden presoen eta "baldintzapeko askatasunean eta betiko-kartzela zigorra deritzotena bete behar dutenen" eskubideak errespetatzeko eskaerari erantzutea erabaki duela. Horretarako, presoek hurrengo egunetan askapenerako eskaera hori talde aldarrikapen baten bidez iragarriko dutela adierazi dute.
ETAk ekintza armatuen behin betiko amaiera iragarri zuenetik presoek ateratzen duten lehen komunikatua izan da. Bertan diotenez, "gaur egun, Espainiaren eta Frantziaren mendeku-politikak ez dauka inolako justifikaziorik". Bi Estatuek eman beharreko lehen pausoa, "lehenbailehen eta inolako baldintzarik gabe", gaixo dauden presoak eta baldintzapeko askatasunean egon beharko luketeenak askatzea da.
Parot doktrinaren amaiera ere eskatzen dute. Doktrinaren arabera, kartzelaldia arintzeko neurriak zigor osoari aplikatzen zaizkio, eta ez derrigorrez betebeharreko 30 urteko gehienezko mugari. Ondorioz, kartzela zigorrak "biziarteko zigorra" bihurtzen dira.