Politika -

Dokumentazioa

Biografia: Alfredo Perez Rubalcaba, PSOEn pisu handiena duen buruzagia

PSOEren presidentegaia ezinbestekoa izan da Felipe Gonzalezen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernu sozialistetan, baina garesti ordain lezake Exekutiboak krisi ekonomikoan egindako kudeaketa.

Alfredo Perez Rubalcaba. EFE
Alfredo Perez Rubalcaba. EFE
Alfredo Perez Rubalcaba. EFE

D. Perez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba (Solares, Kantabria, 1951eko uztailaren 28) politikaren munduan egiteke geratzen zaion azken urratsa egiten saiatuko da 60 urterekin, hots, Espainiako Gobernuko presidente izaten.

Erronka ez da txikia, izan ere, inkesta guztiek PPri ematen diote garaipena, aise gainera, eta PSOEk ia botere guztia galdu du maiatzaren 22ko hauteskundeetan.

Horrenbestez, PSOEk ibilbide eta eskarmentu handiko politikari baten esku utzi du zeregina, Rubalcaba agintari nagusietako bat izan baita Jose Luis Rodriguez Zapateroren eta Felipe Gonzalezen gobernuetan.

Haren lorpen nagusia ETAren aurkako borroka izan da. Zapateroren Barne ministro izanda, inoiz baino ETAko buruzagi gehiago atxilotu dituzte, erakunde terrorista une ahulenean utzita, eta hortaz, zeregin giltzarria izan du indarkeriaren behin betiko amaieran.

Aurka krisi ekonomikoaren kudeaketa du. Izan ere, presidenteorde izanda, Gobernuak ia bost milioi langabe utzi ditu.

Rubalcaba kargu guztietatik pasatu da Felipe Gonzalezen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernu sozialistetan. Politikari espainiar trebatuenetakoa da, eta erretorika handia duela aitortzen diote aurkariek ere.

Pilar Goya kimikari gasteiztarrarekin ezkonduta dago eta ez du seme-alabarik. Kimika doktorea da eta gaztetan lasterketaria izan zen (100 metroak 10,9 segundotan egin zituen).

PSOEren presidentegaia izan baino lehen, bozeramaile izan zen Felipe Gonzalezen Gobernuan, GALen eta funts erreserbatuen garai beltzenetan; Kataluniako Estatutuaren negoziatzaile; Barne ministro ETArekin egindako negoziazioetan eta erakunde terroristaren aurkako arrakasten arduradun zuzena (ETAko ustezko 530 kide eta ustez 'kale borrokan' aritutako 200 pertsona atxilotu dituzte haren agintaldian).

Rubalcabak karguak izan ditu Gobernu sozialista guztietan. 1982an, Felipe Gonzalezen lehen Exekutiboan, Unibertsitate eta Ikerketa Estatu Idazkaritzako kabinete zuzendari izan zen; 1985eko maiatzean Unibertsitate Irakaskuntzako zuzendari nagusi; 1986ko irailean Hezkuntza idazkari orokorra; 1988ko uztailean Hezkuntza estatu-idazkari eta 1992an Hezkuntza eta Zientzia ministro. 1993an, Gonzalezen azken Gobernuan, Presidentetza ministro izendatu zuten, eta kargu horretan izan zen 1996an Jose Maria Aznar 'popularra' presidente egin zen arte.

Zapaterorekin, PSOEren talde parlamentarioko bozeramaile izan da 2004tik 2006ra, eta harrezkero Barne ministro, Gobernuko bozeramaile eta lehen presidenteorde.

Bere kudeaketako puntu beltz handienetako bat 'Faisan' auzia deritzona da, hots, Poliziak ustez ETAri emandako abisu bat atxiloketa bat galarazteko. Haren izena ez da agertu ikerketan, baina Barne Ministerioaren menpe dauden polizia batzuk auzipetuta daude.

PSOEren 35. Batzordean, hau da, Zapatero alderdiko buruzagi egin zuenean, Rubalcabak Jose Bonoren alde egin zuen, baina, hala ere, denborak aurrera egin ahala Zapateroren begikoa bihurtu zen. 2004ko hauteskunde orokorretan zeregin garrantzitsua izan zuen, eta M-11ko atentatuen ostean, egileen polemikari buruzko esaldi ospetsua esan zuen: "Espainiarrek gezurrik esaten ez duen Gobernu bat merezi dute".

PSOEko presidentegaiak hainbat zaletasun ditu: nobela beltza, musa, musika klasikoa, kirola eta Real Madril taldea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea