Politika -
Dokumentazioa
Biografia: Mariano Rajoy; hirugarrenean, bai
PPko presidentea Espainiako Gobernuko presidentea izango da azaroaren 20ko hauteskundeetan bere alderdiak lortutako gehiengo osoari eta sozialisten beherakada nabarmenari esker.
D. Perez
Mariano Rajoy Brey (Santiago, Galizia, 1955) PPko presidenteak hiru saiakera egin behar izan ditu Espainiako gobernuburu izateko, aurreko bi hauteskunde orokorretan Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko hautagaiaren aurrean porrot egin eta gero.
Azkenengoan arerio ezberdina izan du, egoera goitik behera aldatu da, eta zazpi urtez oposizioan izan eta gero, hirugarrenean etorri zaio arrakasta.
Rajoyk moderatutzat du bere burua, bere alderdiaren irudi publikoa, askotan, politikari kontserbadorenei lotuta badago ere.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko presidentegaiak bezala, Rajoyk hainbat kargu izan ditu Gobernuan, aktore nagusi izan baino lehen.
Are gehiago, bien ibilbidea antzekoa izan da. Besteak beste, Hezkuntza eta Barne ministro, bozeramaile eta presidenteorde izan dira biak.
PP Gobernu zentralera iritsi baino lehen, Rajoy Galiziako Gobernuko presidenteordea ere izan zen.
Aznarren Gobernua
Jose Maria Aznarren Gobernuko bozeramaile karguan, aurpegia eman behar izan zuen garai hartako polemika handienen aurrean, Prestige petrolio-ontziaren hondoratzea eta Irakeko gerra, kasu.
Haren adierazpen polemikoenetako batzuk garai hartakoak dira: "Prestige ontziari petrolio hari txiki batzuk baino ez darizkio" eta "Seguru nago suntsipen handiko armak agertu egingo direla".
2003an PPko buru izendatu zutenean ere polemika handia piztu zen. Izan ere, Jose Maria Aznar presidente ohiak hautatu zuen, alderdi barruan bozketarik edo eztabaidarik egin gabe.
2004ko hauteskundeei begira, Rajoy faborito nagusia zen, baina egun batzuk lehenago M-11ko atentatuak jazo zirenean, Aznarren Gobernuak ETAri egotzi zizkion, eta boto-emaileek, haserre, PSOEri eman zioten garaipena hauteslekuetan, ezustean.
Oposizio lana
Mariano Rajoy zazpi urte izan da oposizioan. Ibilbide hori bi zatitan bereiz daiteke: krispazioaren garaia, lehenengo legegintzaldian, eta krisi ekonomikoa, bigarrenean.
2004ko hauteskunde orokorretako porrotaren ostean, Rajoyk giro gaiztotua izan zuen alderdi barruan: ez zuten porrota onartu, eta Jose Maria Aznarren gertukoek boterea zuten.
Krispazioaren urteak izan ziren. PPren sektore kontserbadoreena hedabideetan nagusitu zen, oposizio lana ika-miketan oinarrituta zegoen eta giro politikoa sutan zegoen.
Garai horretan 2006ko bake-prozesua hasi zen. Gobernuak eta ETAk Oslon eta Genevan negoziatu zuten, eta EAJk, PSEk eta ezker abertzaleak aurre-akordio politikoa itxi zuten Loiolako santutegian. PPk oposizio bortitza erakutsi zuen prozesuaren aurrean.
2008ko hauteskunde orokorrak ere galdu eta gero, Rajoyk alderdiaren aurpegia garbitu, eta ildo moderatuagoa ezarri zuen, Angel Acebesen eta Eduardo Zaplanaren antzeko buruzagien irudietatik ihesi. Aldaketa Maria Dolores de Cospedalen eta Soraya Saenz de Santamariaren izendapenekin gauzatu zuen. Lehengoa PPko idazkari nagusi izendatu zuen, eta bigarrena, bozeramaile.
Krispazioaren garaia atzean utzita, Rajoy oposiziotik izan zen krisi ekonomikoaren lekuko.
Gobernuaren aurkako jarrera zorrotza erakutsi zuen, eta kritika gehienak alderdi barruan lidergo falta izatea egotzita etorri zaizkio.