Politika -
Iragarpena
ETAko presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin du
Gernikako Akordioa agertoki demokratiko bat eraikitzeko "erreferentzia" bihurtu dela adierazi du kolektiboak.
Erredakzioa
Iaz sinatutako Gernikako Akordioarekin bat egiten duela iragarri du euskal presoen kolektiboak (EPPK), Gara eta Berria egunkarietara igorritako komunikatu baten arabera.
Komunikatuaren edukia larunbatean argitaratuko dute. Igandean Gernikako Akordioaren bultzatzaileek hitzarmenaren lehen urteurrena ospatuko dute Bizkaiko herrian.
"Aldebakarreko su-eten iraunkor eta egiaztagarri bat" iragartzeko eskatu zion ETAri Gernikako Akordioak. Horrela, erakunde terroristak "behin betiko armak uzteko borondatea" agertuko lukeela erantsi zuen Akordioak.
Gernikako Akordioa agertoki demokratiko bat eraikitzeko "erreferentzia" bihurtu dela adierazi du kolektiboak. Horregatik, babesa ematea erabaki dute presoek.
"Gatibu gaituzten Estatuen mugen eta oztopoen gainetik, prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoa du EPPKk", adierazi du kolektiboak.
Agertoki demokratikoa lortzea "ez da nolanahiko erronka", baina "lortuko" dutela uste dute ETAko presoek. "Amaierara arte prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoa" iragarri dute presoek.
Beste agiri bat
Bestalde, Langraitzeko beste preso disidente batzuek beste komunikatu bat igorri dute gaur. Era berean, Gernikako Akordioarekin bat egin dute.
"Atzeraerazinezko bake-prozesuarekin konpromisoa" iragarri dute preso horiek. Gernikako Akordioaren "puntu guztiak" babesten dituztela azaldu dute. Era berean, "biktimei ordaintzeko eta bizikidetza bultzatzeko unea" dela gaineratu dute.
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritza: Rodolfo Ares Barne sailburuak adierazi duenez, "albiste ona da eta ETAren amaierarako aurrerapauso garrantzitsua". Hala ere, ilburuak esan duenez, "behin betiko pausoa" falta da, alegia, banda armatuaren desagertzea.
Espainiako Gobernua: Jose Blanco Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, ETAko presoek zabaldutako agiria "berria" da baina "ez da behin betikoa, ETAren amaiera iragartzen ez duelako".
EAJ: EAJko presidenteak, Iñigo Urkulluk esan du "ETAren amaiera gaur atzerazinagoa dela" ETAKo presoen kolektiboak Gernikako akordioarekin bat egiten duela iragarri ostean.
PSE: Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramailearen esanetan,"albiste ona" da ETAko presoen kolektiboak Gernikako Akordioarekin bategin izana, "indakeriaren erabilpena arbuiatzea ekartzen badu".
PP: Leopoldo Barreda PPko legebiltzarkidearen esanetan presoei "ETAren behin betiko desagerpena" eskatzeko exijitu behar zaie.
Bildu: EAko idazkari nagusiak eta Bilduko ordezkariak, Pello Urizarrek esan du EPPKaren iragarpena "normalizazio osorako eta behin betiko bakerako aurrerapauso bat gehiago" dela. Gobernuak, orain, "pausoak" eman behardituela gaineratu du.
Aralar: Aralarreko antolaketa idazkariak, Rebeka Uberak pozik hartu du EPPK-k Gernikako itunarekin bat egitea. "Urrats kualitatibo garrantzitsua da, bake prozesuak atzera bueltarik ez duela aderazten duelako".
Ezker Batua: Ezker Batuko koordinatzailearentzat EPPK-k" Gernikako itunarekin bat egitea albiste ona" da. Presoek ETAri berari "honaino iritsi gara" esatea nabarmendu du Aranak.
UPyD: "Gizarteari xantaia egiteko saiakera zakar bat" dela esan du Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak, "bakea lortzeko prezioa bilatzen duelako".