Politika -

Bateragune auziko epaiketa

Agente batek aitortu du ez zutela Rafa Diez atxilotzeko agindurik

Halaber, atxiloketak egin baino lau egun lehenago, agenteek uste zuten Amaia Esnal auzipetua ez zela Bateraguneko kide.

Gaurko saioaren irudi bat. EITB
Gaurko saioaren irudi bat. EITB
Gaurko saioaren irudi bat. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bateragune auziko epaiketaren laugarren saioa Auzitegi Nazionalean. Gaur poliziek eta defentsaren lehen lekukoek deklaratu dute.

Saioan, Espainiako Poliziaren Inteligentzia poliziaburu batek aitortu du ez zutela Rafa Diez, Rufi Etxeberria eta Ainara Aoiz atxilotzeko agindurik.

Defentsak atxiloketa nork erabaki zuen eta zergatik egin zuten galdetu dio, eta hark erantzun du operazioan parte hartu zuten agenteek eurek erabaki zutela, baina ez dakiela zergatik egin zuten. Beste agente batek zehetasun gehiago eman ditu: "operazioaren buruak" agindu zuen.

Inteligentzia poliziaburuaren hitzetan, gainera, atxiloketak egin baino lau egun lehenago, ikertzaileek uste zuten Amaia Esnal auzipetua ez zela Bateraguneko kide.

Lekukoa ez da gai izan Bateraguneren sorkuntzari buruzko detaileak emateko ezta kideak nortzuk ziren zehazteko ere.

Berak egindako txosten baten arabera, Bateragunek Donostian egin zuen "aurkezpen publikoa", 2009ko martxoaren 16an egindako prentsaurreko batean. Defentsak galdetuta, baina, aitortu egin du agerraldiaren partaideek ez zutela esan Bateragunekoak zirela, eta gaineratu du une horretan ez zutela uste pertsona horiek Batasuneko zuzendaritzakoak zirela.

Arnaldo Otegiri buruz, lekukoak onartu egin du "lehentasuna" izan dela beti Batasuneko Mahai Nazionalaren ordezkapena ikertzen zuten polizientzat.

"Arnaldo Otegik interesa pizten zuen beti. Askotan bozeramaile lanak egiten zituen. Otegi lehentasuna izan da beti", esan du.

Defentsaren lekukoak

Gaurko saioan defentsaren lehen lekukoek ere deklaratu dute (Ibon Arbulu, Santiago Orue, Joxean Agirre eta Adolfo Araiz).

Bihar lekuko gehiago arituko dira, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, kasu.

Atzoko saioan, ikerketan jarraipen eta behaketa lanak egin zituzten 12 agentek deklaratu zuten, eta 2009an Arnaldo Otegik muga zeharkatu zuela baieztatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea