Politika -

Bateragune auziko epaiketa

Poliziek deklaratu dute epaiketaren hirugarren saioan

Gaur dozena bat agentek deklaratu dute. Ostegun honetan defentsaren lekukoak hasiko dira deklaratzen, Txiki Muñoz (ELA), Ainhoa Etxaide (LAB) eta Unai Sordo (CCOO), besteak beste.

Akusatuekiko txantxarako jarrera erakutsi du Murillo epaileak

00:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak Bateragune auziko epaiketaren hirugarren saioa egin du gaur.

Gaurko saioa oso laburra izan da, ordu eta erdikoa, eta bertan dozena bat poliziak deklaratu dute, lekuko gisa.

Deklarazioetan, agenteek datu gutxi eman dituzte, eta ikerketan egindako txostenak berretsi baino ez dute egin. Akusazioek eta defentsak zehetasunak galdetu dituztenean, "ez naiz gogoratzen" izan da erantzun errepikatuena.

Halaber, agenteetako batek baieztatu du 2009ko apirilaren 30ean Arnaldo Otegi, Santiago Orue eta identifikatu gabeko gizonezko bat Iparralderantz jarraitu zituztela, eta bertan Jokin Etxebarria Lagisquet ETAko kide ohiarekin "elkartu" zirela.

Agenteak azaldu duenez, behin Iparraldean, laurak auto batera igo, eta "modu ezohikoan" gidatu zuten, norbaitek jarraitzea galarazteko.

Bihar eta etzi defentsaren lekukoek deklaratuko dute, tartean Txiki Muñozek (ELA), Ainhoa Etxaidek (LAB), Unai Sordok (CCOO), Floren Aoizek eta Tasio Erkiziak.

Atzoko saioan, besteak beste, Miren Zabaleta auzipetuak eta Rufi Etxeberriak deklaratu zuten. Azken horrek, lekuko gisa.

Etxeberriak azaldu zuenez, auzipetuak "ezker abertzaleak bizi zuen noraeza kontuan hartuta" elkartu ziren, "estrategia bide politiko eta baketsuetatik bideratzeko".

Halaber, ezker abertzaleko barne eztabaidaren ondorioz, militanteek "borroka armatua behingoz bukatzea" erabaki zutela gaineratu zuen.

Bere aldetik, Zabaletak esan zuen Otegik bere diagnostikoa ("gatazkaren blokeoa") adierazi ziola eta "indarkeria politikoa alde batera uzteko beharra" nabarmendu ziola.

"Arnaldo izan zen ezker abertzalearen barruan eman beharreko eztabaida bideari argia jarri ziona, eta meloia zabaltzeko beharra azaldu zuena", erantsi zuen.

Deklarazioa amaitutakoan, Angela Murillo epaileak "indarkeria politikoa" zer den galdetu zion: "Tiro bat garondoan? Atentatu bat? Hori al da inderkeria politikoa?".

Rufi Etxeberriak Otegiri emandako besarkada ere aipatu zuen epaileak: "Ondo ezagutzen duzu eta izugarri maite duzu, ikusten dudanez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea