Politika -
Bateragune auziko epaiketa
'Borroka armatua behingoz amaitu behar dela erabaki dute militanteek'
Rufi Etxeberriak azaldu duenez, ezker abertzalearen barne eztabaidaren ostean, militanteek ondorioztatu dute lan politikoa "borroka armaturik gabe" garatu beharra dagoela.
Erredakzioa
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruzagi historikoak adierazi du militanteek ondorioztatu dutela "borroka armatua behingoz amaitu" beharra dagoela.
Etxeberriak lekuko gisa deklaratu du gaur, Bateragune auziko epaiketaren bigarren saioan.
Jone Goirizelaia abokatuak galdetuta, Etxeberriak azaldu du ezker abertzaleko barne eztabaida "militante moduan inoiz egin dudan inportanteena" izan dela.
Izan ere, "lehen aldiz, miltanteek jarrera zehaztu dute ETAren aurrean, eta erabaki dute ezker abertzaleak borroka armaturik gabe garatu behar duela lan politikoa".
Ezker abertzaleko buruzagiak esan du Otegik eta gainerako zazpi auzipetuek ez dutela Batasunaren Mahai Nazional ohia ordezkatu. Aitzitik, auzipetuek, "ezker abertzaleak bizi zuen noraeza kontuan hartuta, estrategia bide politiko eta baketsuetatik bideratzeko" elkartu zirela adierazi du.
Etxeberriaren esanetan, atxiloketak gertatu zirenean, Otegik "eztabaida prozesuaren gidaritza" hartzeko eskatu zion, hausnarketa hori euskal gizartearentzat oso garrantzitsua izango zela ziur baitzegoen.
Eztabaida horrek ETArengan zer-nolako eragina izan ote zuen baldin badaki galdetu dio Angela Murillok. Etxeberriak azaldu du berak ez dakiela ETAk barne eztabaida horren inguruko berririk izan zuen ala ez, baina ETAk eztabaidan horretan parte hartu ez zuela nabarmendu du.
Azken inputatuen adierazpenak
Etxeberria eta gainerako lekukoek adierazpenak egin baino lehen, atzo deklaratu ahal izan ez zutenenak entzun ahal izan dira, Miren Zabaletarenak eta Mañel Serrarenak.
Serrak ukatu egin du Bateragunen parte hartu izana, eta atxilotu zuten egunean lan arrazoiengatik LAB sindikatuko Donostiako egoitzara joan zela adierazi du; nahiz eta bertan atxilotu ez zuten, Hernanin baino.
Bestalde, Zabaletak azaldu du Otegik bere diagnostikoa (gatazkaren blokeoa) adierazi ziola eta "indarkeria politikoa alde batera uzteko beharra" azaldu ziola.
"Arnaldo izan zen ezker abertzalearen barruan eman beharreko eztabaida bideari argia jarri zionak, eta meloia zabaltzeko beharra azaldu zuenak", gaineratu du.
Angela Murillo epailea, protagonista
Angela Murillo epaileak Zabaletari galdetu dio zer ote den "indarkeria politikoa: tiro bat garondoan?, atentatu bat?, hori al da indarkeria politikoa?"
"Arrazoi politikoek eragindako indarkeria" dela erantzun dio Zabaletak.
"Indarkeria soilik deitu dezaket, inolako kalifikatzaile barik. Ezker abertzalea inolako indarkeriaren erabileraren alde dago, berdin zait zein motatakoa den", azaldu du.
Halaber, Rufi Etxeberriak Otegiri emandako besarkada "aipatu" du Murillok.
Akusatuak ezagutzen dituen galdetu ostean, epaileak esan du: "Antza denez, ezagutzen duzu eta ikaragarri maite duzu".
Ondoren, lekukoari galdetu dio auzian interesen bat ote duen, eta Etxebarriak erantzun du "auzipetu guztien absoluzioa desiratzen" duela. "Orduan, ez zara lekuko inpartziala, ez da?", gaineratu du epaileak.