Politika -
Operazioa
Dozenaka lagunek Aurore Martinen atxiloketa eragotzi dute, Baionan
Frantziako Polizia Aurore Martin Batasunako kidea atxilotzen saiatu da Baionan, baina ez du lortu hainbat lagunek Martin babestu dutelako.
Erredakzioa
Frantziako Polizia Aurore Martin Batasuneko kidea atxilotzen saiatu da gaur Baionako etxe batean, baina jendeak eragotzi egin du atxiloketa. Saint Andree plazako Pyrenees ostatuan dago Aurore Martin, 200en bat lagunek babestuta.
16:00etan segurtasun indarrak Auroreren lagunak sakabanatzen saiatu dira, Pauko Auzitegiako Fiskaltzak emandako atxilotzeko legea betetzeko. Azkenean, Poliziek alde egin dute, eta antza denez, gaurkoan ez dute Martin atxilotuko.
Espainiako Auzitegi Nazionalak haren kontrako euroagindu eskaera egina du, Batasunaren bilera batzuetan parte hartu izana egotzita.
Lehengo larunbatean azaldu zen jendaurrean Batasuneko kidea, Miarritzeko ekitaldi batean, iazko abendutik gordeta egon ondotik.
14:45 aldera Frantziako Polizia Martinek Baionan duen etxera joan da, atxilotzeko asmoz.
Auzoko lagunek berria ezagutu dutenean Martin babestera joan dira atxiloketa saihesteko.
Jazoera horren ostean, Aurore Martinek prentsa ohar laburra eman du gertatutako salatzeko.
Atxiloketaren kontakizuna
Martinen ahizpak Euskaldunen karrikan duen etxera joan dira poliziak, atxiloketa egiteko asmoz, batzuk burua estalita, beste batzuk kaleko jantzita. Martinek adierazi duenez, beso eta hanketatik eutsita saiatu dira atzematen, baina jendea azaldu da eta hura askatzea lortu dute.