Politika -
Irungo Ogasunaren auzia
Fiskaltzak 24 urteko zigorra eskatu du Jose Maria Bravorentzat
Irungo Ogasunaren auziko inputatu nagusia da Bravo. Fondo publikoak bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa egitea egozten diote. Rosa Cobo bere emaztearentzat 10 urteko kartzela zigorra eskatu dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako Fiskaltzak 24 urteko kartzela zigorra eskatu du Jose Maria Bravo Duranentzat, Irungo Ogasunaren auziko inputatu nagusiarentzat. Diru publikoa bidegabe erabiltzea eta prebarikazioa,&' || 'nbsp;maula egitea, usurpatzea, errezibitzea eta zigortzeko moduko kaudimen gabezia leporatu dizkiote Irungo Ogasunaren zuzendari ohiari.
Fiskaltzak, gainera, 10 urte eta hilabete bateko kartzela zigorra eskatu du Rosa Cobos Jose Maria Bravoren emaztearentzat, eta urte eta erdikoa Pedro Aristrain auzipetu nagusiaren bazkidearentzat.
Jose Lamy laugarren prozesatuari dagokionez, berriz, auzia behin-behinean etetea eskatu du, ez baitago froga nahikorik leporatzen dioten delituan parte hartu ote zuen ebazteko.
Horrez gain, bederatzi urteko gaitasungabetzea eskatu dute Bravorentzat eta bere emaztearentzat.
Era berean, senar-emazteek Gipuzkoako Ogasunari 2 milioi euroko kalte-ordaina eman diezaiotela eskatu du Fiskaltzak eta beste 245.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Akusazio partikularrak, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Jose Maria Bravorentzat 30 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen idatzia aurkeztu zuen joan den astean. Rosa Cobosentzat zortzi urte eta bost hileko zigorra eskatu zuten, eta Pedro Aristrainentzat, berriz, bi urtekoa.