Politika -
Makroepaiketa
11/13ko auzipetuek babesa eskatu eta manifestazioa deitu dute irailaren 14rako
Euskal presoen eskubideen alde lan egiten zuten auzipetutako 47 lagunek, eta irailaren 16tik aurrea epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean.
eitb.eus
11/13 sumarioko auzipetuek herritarren babesa eskatu dute, eta horretarako mobilizaziorako deia egin dute gaur Donostian eman duten prentsaurreko batean: irailaren 14an, Bilbon.
Auzipetuek herritarren babesean jarri nahi izan dute azpimarra, eta babes hori askotarikoa izateko asmoz, datozen asteetan kaleratuko duten adierazpen bat lantzen ari omen dira.
Fiskaltzak 8tik 21 urtera arteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu euskal presoen babes juridikoaz, osasunaz, eta abar arduratzen ziren 47 lagun horien aurka.
Guztiak sumario berean epaituko badituzte ere, lau polizia-operaziotan atxilotu zituzten. Lehena 2013an izan zen, Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren aurkakoa, eta gero etorri ziren, 2014an, bitartekarien aurkakoa, eta 2015ean, abokatuen eta Etxerateko kideen aurkakoa.
Auzipetuek salatu dutenez, "espetxearen mamua" dute orain "parez pare", eta horrek kolokan jartzen ditu haiekin lotutako senideen eta beste hainbaten bizitzak. Gainera, "estatuen estolderietan diseinatu zituzten polizia operazioen bidez" bake prozesuan egiten ari ziren lana oztopatu nahi izan zutela uste dute, izan ere, "aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hau guztia, urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten".
Bestalde, prozesuari aurre egiteko babes ekonomikoa emateko aukera re eman dute, eta webgunea jarri dute martxan auziari buruzko informazio guztian bertan jasotzeko.