Politika -

Katalunia

Preso kataluniar hautetsiek diputatu eta senatari agiriak hartu dituzte

Junqueras, Sanchez, Rull, Turull Kongresuan izan dira, Romeva, ostera, Senatuan. Izapideak amaitutakoan, Soto del Realeko espetxera eraman dituzte berriro.

Raul Romeva Senatuan. Argazkia: EFE
Raul Romeva Senatuan
Junqueras, Sanchez, Rull eta Turullek jaso dute diputatu agiria

1:36

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 28ko hauteskundeetan aukeratu zituzten bost preso kataluniar hautetsiek, Oriol Junqueras eta Raul Romeva ERCkoak eta Jordi Sanchez, Josep Rull eta Jordi Turull JuntsxCatekoek, diputatu eta senatari agiriak jaso dituzte, tramiteak egiteko espetxetik irteteko baimena jaso ostean. Izapideak amaitutakoan, Soto del Realeko espetxera eraman dituzte berriro.

Hautetsiek agiriak jasotzeko dokumentazioa aurkeztu, hiru aitorpen bete (ondasunena, jarduerena eta interes ekonomikoena) eta Kongresuko edo Senatuko fitxa ofizialerako argazkia atera dute, Poliziaren zaintzapean.

Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sànchez Soto del Real udalerriko espetxetik Kongresura eraman dituzte, eta Raul Romeva, ostera, Senatura.

Preso dauden lau diputatu hautetsiak 10:04 aldera iritsi dira Kongresura. Guardia Zibilaren kotxe banatan sartu dira, zuzenean, Kongresuko aparkalekura.

Ordubete baino gehiago behar izan dute tramiteak egiteko, tartean, apirilaren 28ko hauteskundeetan diputatu gisa hautatuak izan zirela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko.

Une oro, kalez jantzitako polizien zaintzapean egon dira.

Raul Romeva preso hautetsiak, berriz, zazpi minututan bete ditu izapideak. Gauzak horrela, biharko saioan, bere aulkiaren jabe egingo da.

Romeva 09:45 aldera heldu da, Guardia Zibilaren auto batean, Senatuko aparkalekura. Bertan, Polizia zuen zain. 10:00ak pasatxoan igogailuan igo dute hirugarren solairura, kalez jantzitako agenteak ondoan zituela. Hirugarren pisuan, ERCko gainerako senatariak zain zituen. Denak agurtu eta besarkatu ondoren, beraiek lagunduta joan da Clara Campoamor aretora.

Dokumentazioa bete eta gero, bere aktan agertuko den argazkia atera diote. 10:07 aldera Clara Campoamor aretotik irten da, eta ERCko senatariek lagunduta egin du igogailura arteko bidea. Alderdikideek txalo zaparrada batekin agurtu dute. Handik Senatuko garajera eraman dute, berriro ere Guardia Zibilaren ibilgailu batean sartu eta espetxera itzultzeko.

Kataluniako preso hautetsiei diputatu eta senatari agiriak jasotzeko baimena eman diete

Kataluniako prozesu independentistagatik behin-behineko espetxealdian dauden hautetsi horiek agiriak pertsonalki jasotzeko eskaera egin zioten Auzitegi Gorenari, eta Auzitegiak baimena eman zien.

Gorenak Gorte Orokorrak osatzeko ekitaldian parte hartzeko baldintzak jarri zizkien, besteak beste, "ahal bezain laster espetxera berriro eramateko izapideak itxaronaldirik gabe" egiteko deia egin zion Auzitegiak Kongresuari.

Gainera, Gorenak ukatu egin zien tarte horretan bilerak egiteko edo prentsaren aurrean hitz egiteko baimena, eta izapideak amaitu "bezain pronto" eraman dituzte espetxera.

Asteartean, Gorteen osaketa

Hurrengo egunean, Kongresua osatzeko ekitaldian, ezingo dute hedabideekin hitz egin, eta, gainerako diputatuek bezala, Konstituzioaren zina egin beharko dute diputatu izaera lortzeko.

Bigarren egun horretan, asteartean, presoak hemiziklora eraman beharko dituzte, eta han egon beharko dute saioak irauten duen bitartean, korridorera irten gabe.

Barruan mugitzeko askatasuna izango dute, eta Kongresuko Mahaia erabakitzeko gutxienez hirutan jaitsi eta igo beharko dituzte eskailerak. Saioa amaitutakoan, espetxera eramango dituzte berriro.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Kataluniako albisteak Politika Espainia Gaurko azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean Senatua albisteak Oriol Junqueras albisteak