Politika -

Kartzela politika

Etxeratek euskal presoak Zaballara 'azkar' ekartzeko eskatu dio Madrili

Sakabanaketa politika ezartzen hasi zenean izan zuen azkartasun bera eskatu diote Espainiako Gobernuari, bi hilabetetan 600 preso urrundu zituelako.

Etxeraten Batzar Nazionala Gasteizen. Argazkia: EiTB
Etxeraten Batzar Nazionala Gasteizen. Argazkia: EiTB
Etxeraten Batzar Nazionala Gasteizen. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxerat euskal presoen senideen elkarteak Espainiako Gobernuari eskatu dio presoak Zaballako espetxera ekartzeko, "azkar" eta "arduraz".

Senideen elkarteak 18. Batzar Nazionala egin du Gasteizen, eta iragarri du "salbuespenezko espetxe politiken desaktibazioa lortzea" izango dela haien helburua datozen hilabeteetan.

Hala, "testigantza eta salaketa" erabiliko omen dituzte tresna gisa, "urrunketari eta preso gaixoek pairatzen duten muturreko egoerari lehentasuna emanez".

Espainiako Gobernuak espetxe politikan aldaketak iragarri zituenetik euskal preso bat espetxean hil dela gogorarazi dute, eta gaixotasun larriak dituzten ia preso guztiek lehen graduan eta urrutiko espetxeetan jarraitzen dutela, tratamendu egokia jasotzeko aukerarik gabe.

Era berean, 24 senidek bisitetara bidean edo itzuleran istripuak izan dituztela leporatu diote Gobernuari, eta hori "urrunketak dakarren arriskuaren ondorio" dela. Horren harira, sakabanaketaren ondorioz hil diren pertsonei aitortza sozial eta instituzionala lortzeko lan egingo dutela jakinarazi dute.

Presoak Euskal Herrira ekartzeari dagokionez, sakabanaketa politika ezartzen hasi zenean izan zuen azkartasun bera eskatu diote Espainiako Gobernuari, bi hilabetetan 600 preso urrundu zituelako. Etxeratek aitortu du 24 preso gerturatu dituztela, baina ez dela "inondik ere" nahikoa.

Gainera, azpimarratu du ez dagoela "inolako aitzakiarik" presoak Zaballara ez eramateko, "ez legediaren aldetik, ez baldintza materialei dagokienez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko azken ordukoa