Politika -
Auzitegi Gorena
Marchenak akusazio gisa jokatu zuela salatu dute Junquerasen eta Romevaren defentsek
Kexa formala aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Gorenean, magistratuak galdera batzuetan jarrera partziala izan zuela iritzita.
agentziak | erredakzioa
Oriol Junqueras Generalitatearen presidente ohiaren eta Raul Romeva kontseilari ohiaren defentsek kexa formala aurkeztu behar dute Auzitegi Gorenean Manuel Marchena magistratuaren kontra, izan ere, Josep Lluis Traperoren galdeketan akusazio gisa jokatu zuela uste dute.
Auzitegiari "dagokion inpartzialtasuna" eskatzen dute, eta Marchenak fiskalari galarazi zion galdera bat berak egin zuela salatu dute.
Defentsa guztiek bat egin dute kexak aurkezteko, eta galdeketetan jartzen dizkieten "mugak" kritikatu dituzte, tartean bideoak froga gisa aurkezterako garaian dituztenak.
Lekukoen deklarazioak aurrez aurre jartzeko "bideo frogak" beharrezkoak direla azpimarratu dute, guardia zibilen deklarazioa iristear dagoen honetan.
Iragarri dute bideoak jartzea eskatuko dutela lekukoak grabaketan bere burua identifikatzeko, edo deklarazioa ez denean bateragarria irudietan agertzen denarekin.
Defentsa abokatuen esanetan, bideoak jartzeko aukera kentzeak froga eta defentsa eskubideari eragingo lioke.
Era berean, galdera bat egitea edo froga bat aurkeztea galarazten dietenean protesta ezin dutela argudiatu salatu dute.
Junquerasen eta Romevaren defentsek uste dute instrukzio fasetik bizi dutela "babes gabetasun egoera", Pablo Llarena epailearen jokabideari erreferentzia eginez.