Politika -
A28 hauteskundeak
Alonsok eskuindarren botoa ez zatitzeko eskatu du
Sanchezek agintean jarraituz gero "Espainia umiltzeko legegintzaldia" izango dela eta "ekonomia hondoratu" egingo duela ohartarazi du.
agentziak | erredakzioa
Alfonso Alonso PPren EAEko presidenteak uste du ezkertiarrek botoak batuko dituztela hauteskunde orokorretan; horregatik, eskuindarren botoa ez zatitzeko deia egin du, "nor den espainiarrago bezalako eztabaida absurduetan" erori gabe.
Eduardo Andrade Getxoko alkatetzarako PPko hautagaia aurkeztu dute udalerri horretan egindako ekitaldian. Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidentea eta Amaya Fernandez Euskadiko PPko idazkari nagusia ere bertan izan dira. Alonsok ohartarazi duenez, Pedro Sanchezek hauteskunde orokorrak irabaziz gero, "indepedentisteei mesedeak egiteko zilegitzat joko du bere burua", eta hurrengo legegintzaldia "umiliazioarena izango da Espainiarentzat, herrialdea ekonomikoki hondatuko baitu".
Bestalde, Getxoko herritarren moderazioa azpimarratu du Alonsok. "ETAk gehien kolpatu zuen" udalerria da Getxo, baina "pentsamolde irekiago duten herritarrek beti aurre egin zioten ETAri". "Euskaldunak gara, euskaldunenak, baina baita espainiarrak ere, eta Europa bezalako mundu zabal batean bizi izanagatik harro gaude", ondorioztatu du. "Herritar gehienek dute pentsamolde hori, eta horiei dei egiten diegu", gaineratu du.
Amaitzeko, Bizkaiak pairatzen duen segurtasun falta deitoratu du Alonsok. Gurasorik gabe gurera heldutako 900 adingabe atzerritar artatzen ditu Bizkaiak; Errrioxak, berriz, zazpi. Horren harira, Euskadiko PPko buruak adierazi duenez, "solidarioak gara, baina bakardadean bizi dugun elkartasun zama hori arindu dezakegu".