Politika -
Hauteskundeak A28
Patxi Lopezek 'mobilizazio handia' eta PSOE agintera itzultzea espero du
Lehendakari ohiak esan du euskal herritarrei komeni zaiela sozialistak egotea agintean, haiek direlakoan "elkarrizketa eta ulermena" bilatzen dutenak.
agentziak | erredakzioa
Patxi Lopez lehendakari ohiak ziurtzat ematen du apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan "mobilizazio handia" izango dela, eta horrek ahalbidetuko duela PSOEk Espainiako Gobernua berreskuratzea.
Lopezek Ramon Rubial Fundazioak antolatutako ekitaldi batean parte hartu du Gasteizen, Cristina Gonzalez PSE-EEren Arabako idazkari nagusi eta foru diputatuarekin batera.
PSOEren Federazio Politikako buru ere badenak adierazi du Sanchezen Gobernuan "ia aro aldaketa" izan dela, "PPk eragindako murrizketak desegin" dituztelako.
Azpimarratu du eskubideak eta gizarte laguntzak berreskuratu dituztela, zerbitzu publikoak indartzen hasi direla, eta horren aurrean oposizioaren "irainak" jaso dituztela.
"Oposizioak proposamen bakarra du: 155a Kataluniarentzat. Eta independentistek independentzia soilik proposatzen dute. Proiektua zuen Gobernu bat eta ezereza zeuden", azaldu du.
Lopez Pablo Casado PPren buruzagiari zuzendu zaio, "galarazi" duen bakarra milioika herritarrek euren bizimodua hobetzea izan dela esateko.
EAEri begira, Lehendakari ohiak esan du euskal herritarrei komeni zaiela sozialistak egotea agintean, haiek direlakoan "elkarrizketa eta ulermena" bilatzen dutenak, gobernu zentralaren eta autonomikoen arteko harremana sustatzen dutenak.
Horren harira, gogorarazi du eskumenen transferentziak negoziatzen hasiak direla, eta, horregatik, "euskal herritarrek sozialistak behar" dituztela "gobernu autonomikoetan, Espainian, aldundietan eta udaletan".