Politika -
Europarlamentua
Torrak prentsaurrekoa emango du gaur Puigdemontekin, Bourgeoisekin bildu ostean
Europako Parlamentuak bertan behera utzi zuen Kataluniako presidente ohiak eta Quim Torra presidenteak egin behar zuten ekitaldia, segurtasun arazoak argudiatuta.
agentziak | erredakzioa
Quim Torra Kataluniako presidenteak eta Geert Bourgeois Flandesko presidenteak bilera egingo dute gaur. Ondoren, Parlamentua bisitatuko du Torrak, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarekin batera prentsaurrekoa eman aurretik.
Ostiralean, Europako Parlamentuak bertan behera utzi zuen Puigdemontek eta Torra presidentek gaur egin behar zuten ekitaldia, segurtasun arazoak argudiatuta.
"Azterketa bat egin ostean, ondorioztatu dugu Parlamentuko segurtasun zerbitzuek ezin dietela aurre egin ekitaldiari lotutako mehatxuei", adierazi zuen erakundeak "Europarlamentuaren barruan edo inguruan gerta litezkeen istiluei" erreferentzia eginez.
Ekitaldia aurrera eramateko baimena ez ematea erabaki zuena Antonio Tajani izan zen, Europarlamentuko presidentea.
Ralph Packet eurodiputatu flandriarrak eta Ivo Vajgl Esloveniako Atzerri ministro ohiak gonbidatuta parte hartu behar zuten Torrak eta Puigdemontek Kataluniako erreferendumari buruzko lantalde batean.
PPren, PSOEren eta Ciudadanosen Europarlamentuko buruzagiek eskaera egin zioten Tajaniri ekitaldia baimen ez zezan, Puigdemont Espainiako "ordena konstituzionala urratzeko egitasmoaren sustatzaile nagusia" izan zela arrazoituta.
Ekitaldiari eusten diote
Dena dela, Torrak eta Puigdemontek iragarri zuten mantentzen jarraitzen dutela gaur Bruselan eman behar duten hitzaldia, baina non izango den zehaztu gabe.