Politika -

Kronologia

Sanchezena izan da demokrazia garaiko gobernu laburrena

Espainiako Gobernuko presidenteak zortzi hilabete eman ditu agintean, eta PPren eta Ciudadanosen oposizio gogorra izan du oztopo nagusi agintaldiaren amaieran.

Pedro Sanchez, Kongresuan. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez, Kongresuan. Argazkia: Efe
Pedro Sanchezek bete dituen eta beteko ez dituen neurriak

1:30

eitb.eus | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, apirilaren 28an izango dira hauteskunde orokorrak, eta orduan amaituko da bi urte eta 10 hilabete iraun duen legegintzaldi zalapartatsua. Sanchez zentsura-mozio baten bidez iritsi zen Moncloara, Rajoy bertatik kanporatuta, eta 8 hilabete eman ditu agintean, demokraziako gobernu laburrenean.

2019ko Aurrekontuek Kongresuaren ezezkoa jaso ostean hartu du bozak aurreratzeko erabakia Sanchezek. Aurretik, lehen aldiz, 1995ean aurreratu zituzten, Felipe Gonzalez agintean zela.

Aurreko hauteskunde orokorrak 2016ko ekainaren 26an izan ziren, eta Felipe VI.a erregeak deitu zituen, 2015eko hauteskundeen ostean inbestidurara aurkeztu ziren hautagaiek ez baitzuten nahikoa babesik lortu.

2016ko ekaineko boz horien ostean, Mariano Rajoy izendatu zuten urrian Espainiako Gobernuko presidente PPren, Ciudadanosen, Coalicion Canariaren, UPNren eta Foro Asturiasen babesarekin, eta PSOEko diputatu gehienen abstentzioarekin.

Sozialisten jarrera hori dela eta, Sanchezek Kongresuan zuen eserlekua utzi zuen, baina alderdiaren buruzagitza berreskuratu zuen 2017ko maiatzeko hauteskunde primarioetan, Susana Diaz buruzagi andaluziarrari eta Patxi Lopezi gailenduta.

Sozialisten buruzagitza eskuratu eta urtebetera aurkeztu zuen Sanchezek Mariano Rajoyren aurkako zentsura-mozioa, Auzitegi Nazionalak Gürtel auzian PP zigortu eta gero.

Mozioa 2018ko maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean eztabaidatu zuten, eta onartu egin zuten aldeko 180 botorekin (PSOE, Unidos Podemos, ERC, EAJ, PDeCAT, Compromis, EH Bildu eta Nueva Canarias), kontrako 169rekin eta abstentzio bakar batekin.

Zortzi hilabetera, ordea, hauteskundeak aurreratzea erabaki du Sanchezek, eta legegintzaldiak amaiera aurreratua izango du.

Balantzea

Mozioa irabazi eta astebetean osatu zuen Gobernua Sanchezek, hainbat pertsona ezagun hautauta: Pedro Duque, Nadia Calviño, Maxim Huerta, Isabel Celaá...

Gerora, baina, eskandaluak tarteko, dimisioek (Maxim Huerta, Carmen Monton…) lausotu egin zuten gobernu-taldea.

Rajoyren aurrekontuak onartuta, haiekin jardun du agintzen, eta lehenengo asteetan efektuzko erabakiak bata bestearen atzetik etorri ziren.

Hala, Aquarius ontzia onartu zuen Valentziako portuan, Mediterraneoan ziren 629 etorkini babesa emate aldera. Franco hobitik ateratzeko erabakiaren berri ere eman zuen, baina oraindik ez du gauzatu. Osasun unibertsala, guztientzako osasuna, berreskuratu zuen.

Baina, batez ere, Kataluniarekiko harremanean izan da aurrekoa ez bezalakoa. Lehen ministro kontseiluan, Generalitatearen finantzen gaineko kontrola altxatu zuen; uztailean, Moncloan agertu zen Quim Torrarekin, paseoan eta solasean; eta preso independentistak Kataluniako espetxeetara eramatea onartu zuen.

Dena dela, Torrarekin izandako bileretan ez da elkar ulertzerik izan, PPrekin eta Ciudadanosekin bezalatsu.

Azken bi horiekin harremanak asko gaiztotu dira, eta Pablo Casado hartu-emanak etetera iritsi zen.

Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, berriz, urratsak egin dira oraindik transferitu gabe dauden eskumenen inguruan.

Sintoniarik onena, baina, Unidos Podemosekin izan du gehienetan. Podemosek Sanchezen neurri nagusiak babestu ditu, eta aurtengo aurrekontuetarako akordioa ere sinatu zuten, Moncloan, era solemnean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainiako Gobernua argazkiak Espainia Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak