Politika -
Alderdi berriaren aurkezpena
Alderdi berriak 'indarkeria errefusatuko du, baita ETArena ere'
Iñigo Iruinek azaldu duenez, "ez da legez kanpo dauden taldeak berreraikitzea edo berriro fundatzea, haiekiko haustura eta bereizketa bat markatzea baizik".
Erredakzioa
Rufi Etxeberria ezker abertzalearen ordezkariak iragarri du alderdi berriak helburu politikoak lortzeko indarkeriaren eta mehatxuen erabilera errefusatuko duela, "baita ETArena ere". Alderdi berriak, azaldu duenez, "ez du indarkeria erabiltzea justifikatuko".
Bilboko Euskalduna Jauregian ezker abertzalearen alderdi berria aurkezteko egin duten ekitaldian Etxeberriak adierazi duenez, Alderdien Legea betetzeko erabakia hartu du, nahiz eta legea kritikatu eta harekin bat ez etorri.
Alderdiaren izena eta logotipoa asteartean aurkeztuko dituzte.
Etxeberriak esan du ezker abertzalearen proiektu berria "historikoa" dela eta "oinarri nagusi gisa bide politiko eta demokratikoen aldeko apustu irmoa" eta "indarkeriarik gabeko agertokia" dituela.
Alderdi berriak "euskal nazioa eta bere etorkizuna erabakitzeko zilegitasuna" defendatuko omen du. Azaldu duenez, alderdi berria "inflexio-puntua izango da aurreko ereduekiko", izan ere, "indarkeriazko ekintzen testuinguruaz harago, ezker abertzaleak bere proiektu politikoa bide politiko eta demokratikoetatik soilik gauzatzeko erabakia hartu du".
"Proiektu politiko berriarekiko konpromisoa irmoa eta zalantzarik gabekoa da, ez da garaian garaiko faktoreekin eta taktikekin baldintzatuta egingo", gaineratu du.
Etxeberriak iragarri du ezker abertzalearen estatutu berrietan indarkeria errefusatzen dela helburu politikoak lortzeko "baita ETArena ere, edozein formatan".
Era berean, ezker abertzalearen proiektu politikoak ez duela "indarkeria justifikatuko" ziurtatu du: "Edozein indarkeria mota errefusatzen du, helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzen duten taldeekiko ere".
Ikuspuntu juridikoa
Ezker abertzalearen alderdi berriak indarkeria oro "zalantzarik gabe" errefusatuko du eta iraganeko "antolakuntza" ereduak aldatuko ditu. Iñigo Iruin abokatuak azaldu duenez, "ez da legez kanpo dauden taldeak berreraikitzea edo berriro fundatzea, haiekiko haustura eta bereizketa bat markatzea baizik".
Iruinek esan du helburua "indarkeria erabiltzen duten taldeen edo indarkeriarekiko lotura izateagatik legez kanpo utzi zituzten alderdi politikoen instrumentalizazioa galaraztea" dela.
Alderdia Espainiako Konstituzioaren 6. artikulua, Alderdien Lege Organikoa eta Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jurisprudentzia errespetatuz osatu dutela esan du.
Abokatuak Auzitegi Gorenaren 2007ko auto bat ekarri du gogora, legez kanpo geratutako alderdi bateko kideek alderdi berri bat sor zezaketela ezarri zuelako.
Kanporaketa, indarkeria justifikatuz gero
Estatutuetan agertzen denez, Alderdien Legearen 9. artikulua urratuz gero alderdiko kideak kanporatuko dituzte, hau da, kideak kaleratuko dituzte indarkeria justifikatzen, sustatzen edo politikoki babesten badute.
Iruinek estatutuen eduki juridikoa azaldu du, eta datorren asteazkenean Madrilgo Barne Ministerioaren alderdi politikoen erregistroan sartuko dituztela iragarri du.
Abokatuak esan du alderdi berriaren estatutuak Auzitegi Gorenak Abertzale Sozialisten Batasunari (ASB) ezarritako baldintzen arabera egin dituztela. Era berean, Alderdien Legearen erreforman indarkeriarekiko "bereizketa eta errefusa" agertzerakoan erabili dituzten terminoak sartu omen dituzte.
Hori horrela, estatutu berrietan "indarkeria anitzen biktimei egindako kaltea konpontzea" jaso dute.
Asteartean, Europako Parlamentura
Ezker abertzalearen ordezkari batzuk Bruselara joango dira legalizazioaren aldeko babesak biltzeko hasi duten nazioarteko kanpainaren barruan. Horrekin batera, bakea ekarriko lukeen testuingurua bultzatu nahi dute.
Bisita horretan, Europako pertsona esanguratsuekin harremanetan jartzeko asmoa dute, baita Europako Parlamentuan prentsaurrekoa emateko ere. Helburua babes ugari lortzea da, bai legalizazioaren alde eta bai eszenatoki berri baten sorreraren alde.
Manifestazioa, otsailaren 19an
Hilaren 19an, larunbata, manifestazio bat egiteko asmoa du ezker abertzaleak, agente sozialek eta sektore ezberdinetako pertsona ezagunek deituta. Martxa horretan alderdi berriaren legalizazioaren alde egingo dute. Manifestazioa Bilbon izango da.