Politika -
Adierazpen polemikoak
Mayor Oreja: 'Zapaterok eta ETAk elkarren beharra dute'
Gobernua eta ETAren arteko ustezko paktu baten inguruan berriro ere aipatzean, Mayor Oreja "burutik eginda" dagoela "etika politikoa" galdu duela erantzun du PSOEk.
Erredakzioa
Batasuna maiatzeko hauteskundeetan izango dela ziurtzat jo du Jaime Mayor Oreja PPko eurodiputatuak. Bere ustez hori da, hain zuzen, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta ETAk adostutako akordioaren helburua; ondorioz, Mayor Orejarentzat, Zapaterok eta ETAk elkarren beharra dute.
"Zapaterok ETA behar du bigarren trantsizio bat aurrera ateratzeko. ETAk, berriz, Zapatero bezalako norbait behar du Espainia hankaz gora jarri eta hausturaren aldeko proiektuari bultzada emateko. Izan ere, ETA Espainia apurtzeko jaio zen", azaldu du Mayor Orejak.
Madrilen ETA eta negoziazioaren aurka egindako manifestazioan, terrorismoaren aurkako borrokaren egungo egoera "adostutako proiektu" baten parte dela gogoratu du PPko kideak, berak akordio hori iragan urteko otsailetik salatu duela gaineratuz. Proiektu horri esker ETA ez da desegingo eta Batasuna maiatzaren 22ko hauteskundeetan izango da "sigla batzuk edo beste batzuk erabiliz".
PSOE: "Mayor Oreja burutik eginda dago"
Antonio Hernando talde sozialistaren Barne bozeramaileak Mayor Oreja "burutik eginda" dagoela erantzun du. Ez hori bakarrik, PPko europarlamentariak ere "etika politikoa" galdu duela gaineratu.
Hernandoren ustez, Mayor Orejaren adierazpenak "zitalkeria" hutsa dira, Espainiako Gobernuan ardura handia izan duen pertsona batek egin behar ez lituzkeenak.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak ETArekin "ahalik eta arinen eta behin betiko amaitzeko" lanean ari dela gogoratu du Hernandok. Honen harian, Mayor Oreja, Gobernua eta ETAren arteko paktu horren inguruan aritzean, zertan dabilen galdetu dio bere buruari.