Politika -
Milaka pertsona bildu dira
ETAren 'su-eten iruzurtiaren kontra' protesta egin dute Madrilen
Esperanza Aguirre, Jaime Mayor Oreja eta Carlos Iturgaiz eta PPko beste hainbat kargu izan dira manifestazioan Gobernuari eskari argia egiteko: Batasuna hauteskundeetatik kanpo uzteko.
Erredakzioa
Milaka pertsona bildu zituen Madrilen Voces contra el Terrorismo plataformak deitutako manifestazioak. Protesta honen bidez, ETArekin balizko edozein negoziazioaren aurka daudela agertu nahi izan zuten.
Manifestazioaren buruan "Gezur gehiagorik ez. Su-eten iruzurtirik ez, nire izenean ez" leloa irakur zitekeen pankarta eraman zuten. Horren atzean kokatu zen Francisco Jose Alcaraz Voces contra el Terrorismo erakunde deitzailearen liderra eta Alderdi Popularreko hainbat kargu.
Protesta horretan parte hartu zuten Esperanza Aguirre Madrileko Erkidegoko presidenteak, Jaime Mayor Oreja Barne ministro ohiak, Maria San Gil Euskadiko PPko lider ohiak, Carlos Iturgaiz eta Jose Antonio Ortega Lara, besteak beste.
Manifestazioa 17:00etan hasi zen eta bukaeran terrorismoaren biktimek manifestua irakurri zuten.
"ETAri, oxigenorik ez"
Esperanza Aguirre Madrileko Erkidegoko presidenteak "Batasuna eta haren inguruko indar politikoei euskal hauteskundeetan egotea galarazi diezaiela" eskatu zion Gobernuari.
Francisco Jose Alcaraz Voces contre el Terrorismo plataformako buruak berriz, "Gobernua ETAri oxigenoa ematen saiatzen den bakoitzean" erantzuna "gizalegezko matxinada" izango dela iragarri zuen.