Politika -

Katalunia

Generalitatearen batasuna Gorenaren epaia atera arte bermatuko dute JxCATek eta ERCk

Quim Torrak eta Pere Aragonesek esan dute bi alderdien arteko koordinazioa hobetu behar dutela, eta erantsi dute prozesu independentistaren auziko ebazpena "inflexio puntua" izango dela.

Quim Torra eta Pere Aragones. Argazkia: EFE
Quim Torra eta Pere Aragones. Argazkia: EFE
Quim Torra eta Pere Aragones. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Kataluniako presidenteak eta Pere Aragones presidenteordeak bilera egin dute gaur, JxCAT eta ERC alderdien arteko krisiaren amaiera irudikatzeko, eta Auzitegi Gorenak prozesu independentistaren auzian epaia eman bitartean Generalitatearen batasuna bermatuta egongo dela ziurtatu dute.

Auzitegi Gorenak kargugabetutako diputatuei buruzko ebazpena dela eta, JxCATek eta ERCk hainbat desadostasun izan dituzte asteon, eta horrek Parlamentuaren jarduna geldiarazi du; izan ere, Politika Orokorreko bilkurako proposamenak bozkatu gabe geratu ziren.

Gaur, Torrak eta Aragonesek batzarra egin dute krisiari irtenbidea emateko, eta ondoren agerraldi bateratua egin dute.

Bilkura datorren asteartean, arratsaldez, egingo dute, eta astelehenean, atzo bi alderdiek adostutako mekanismoaren aurka oposizioko taldeek egindako eskaerak aztertuko ditu Parlamentuko Mahaiak.

Hortaz, astelehenean jakingo da akordio horrek Parlamentuko abokatuen oniritzia lortzen duen eta JxCATen, ERCren eta Roger Torrent Parlamentuko presidentearen babesa duen ala ez.

Bien bitartean, Torrak eta Aragonesek berretsi egin dute bi alderdiek atzo adostutakoa eta autokritika egiteko baliatu dute bilera eta ondoren agerraldia.

Gauzak horrela, JxCATek eta ERCk legegintzaldi honetarako egin zuten akordio estrategikoa "indartzeko" konpromisoa hartu dute eta onartu dute "koordinazioa hobetu" behar dutela, "desadostasunak izatea zilegi bada ere".

Nolanahi ere, egoera hau Espainiako Gobernuak Kataluniaren aurka darabilen errepresioaren ondorio dela adierazi dute, "salbuespen egoera batean gaudelako".

"Espainiako Gobernua aldatu da, baina errepresioaren azeleragailua sakatzen jarraitzen dute", kritikatu du Torrak.

"Batasunari eutsiko diogu, gutxienez epaiak atera arte; egun hori inflexio puntua izango da", azpimarratu du Torrak.

Aragonsek ere ildo berean hitz egin du eta esan du ordura arte behintzat Generalitatearen egonkortasuna bermatuta egongo dela, eta Auzitegi Gorenaren ebazpenak ateratzen direnean "Parlamentuarekin batera erabaki garrantzitsuak" hartu beharko dituztela gaineratu du.

Bestalde, Torrak berretsi egin du Espainiako Gobernuari emandako ultimatuma: azaroan baino lehen adostutako erreferendum lotesle baterako proposamenik egin ezean, Diputatuen Kongresuan Kataluniako talde independentisten babesa galduko du Pedro Sanchezek.

Espainiako Gobernuari babesa kendu arren, elkarrizketarako atea irekita izango dutela zehaztu du Torrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Albisteak Pere Aragonès ERC Kataluniako Gobernua JxCat azken ordua